2020-08-08 15:41
Sindikatuak espedientea ez sinatzea eta judizializatzea defendatu du, deslokalizazio kasu argi bat izan delako. ELAk deitoratu egin du Nafarroako Gobernuak enpresa ixteko alternatibak bilatzeko duen ezintasuna.-/*

Gamesa Aoiz Siemenseko langileen batzarrak espedientea sinatzea erabaki du (aldeko 148 boto, kontrako 37 boto eta 2 boto zuri). Egoera horren aurrean, ELAk Siemens Gamesa Aoizen jarrera krudel eta ankerra salatu nahi du; izan ere, milioika etekin dituen multinazional horrek 239 familiaren etorkizuna kontuan hartu gabe jokatu du. Gainera, Siemens Gamesak xantaia egin die langileei, eta kalte-ordainen hobekuntzak Batzordearen sinaduraren mende jarri ditu, enpresak alde bakarretik sinatzeko aukera zuenean.


Sindikatuak gaur egindako batzarrean espedientea ez sinatzea eta judizializatzea defendatu du, deslokalizazio kasu argi bat izan delako. Gogoratu behar da Siemensek 2.272 milioi euroko etekin garbia lortu duela urte fiskalaren azken bederatzi hilabeteetan.

ELAk deitoratu egin du Nafarroako Gobernuak itxieraren alternatiba bat bilatzeko duen ezintasuna, eta are gehiago diru publikotik milioika euro jaso dituen enpresa bat delako. Enpresa hori ixteak langabezia handia duen eta despopulazio arazo nabarmena duen Nafarroako eremu bat zigortuko du.

Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernua osatzen duten PSn, Podemos eta EAJ alderdi politikoak kritikatu ditu ELAk, izan ere, Siemens Gamesa bezalako etekinak dituen enpresa bati lantegiak ixtea ahalbidetzen dioten lan erreformak ezabatzeko ardura dute. Kaleratze horiek azken lan-erreformak indargabetzea sustatzen ez duten alderdien erantzukizuna ere badira, eta, hori egin ezean, berea izango da gerta daitezkeen kaleratze kolektiboen erantzukizuna ere.

Bozketaren emaitzarekin bat ez etorri arren, sindikatuak ulertzen du langileek jasan duten presioa eta xantaia, eta denbora horretan egin duten borrokari balioa eman nahi dio.

Azkenik, ELAk enpleguari eusteko eta lan-baldintza bidezkoak bermatuko dituzten industria-proiektuak sendotzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.