ARGIA.eus

2019ko uztailaren 21a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-10-08 16:43
ELAk gertatu berri diren bi heriozko istripuak salatzen ditu. Joan den ostiralean, urriak 5, gertatu dira biak; lehenengoa goizeko 11:30ak aldera, Galdames herriko SAN Metal Aroztegiko langile bat leiho batzuk instalatzera zihoala errepidean gertatu zen; eta bigarrena egun bereko arratsaldeko 17:30ak aldera Markinako Iturreta mendian zuhaitz bat mozten ari zela zuhaitza gainera erorita. Aurten 54 langile hil dira orain arte Hego Euskal Herrian lan-istripuetan.

Oraindik ez dira argitu bigarren istripuaren arrazoiak; beraz, ELAk gertaturikoa ikertzeko eskatzen du, dagozkion erantzukizunak egozteko. Izan ere, basogintza oso jarduera arriskutsua da, lekuagatik, eremu malkarretan egin behar baita lan, eta lan horren berezko ezaugarriengatik. Hori dela-eta, prebentzio-neurriak zorroztu eta langileen prestakuntza sakondu behar dira. Ikusteko dago aipaturiko neurri eta prestakuntza horiek betetzen ziren.

Prekarietatea lan-ezbeharren arrazoi nagusia da, prekarietatea izaten da lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen ohiko jatorria. Bai administrazioek, bai patronalek lan-ezbeharren arrazoiak zein diren sobera jakin arren, lehenengoek politika antzuekin jarraitzen dute, lan-ezbeharren tasak jaisten lortu gabe, eta bigarrenek ez dute prebentzioan inbertitzen, irabaziak murrizten direlako. Bitartean langileek beren osasuna, eta are bizia ere, galtzen dute. Herri-erakundeek lehentasuna eman behar diote gai horri, eta baita enpresak behartu ere prebentzio-arauak betetzera. Alde horretatik bereziki begiratu behar dira giza eta gauza baliabideak, prestakuntza, kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak, segurtasun-neurrien faltaz ohartaraztea, eta kontratazioko iruzurra zigortzea.

ELAk bere doluminak agertzen dizkie bi langileen senide eta lagunei. Eta, aldi berean, ELAk, gehiengo sindikala duenez, dei egiten du elkarretaratze batean parte hartzeko. Urriaren 9an, asteartea, eguerdiko 12:00etan izango da Markinako udaletxearen aurrean, lan-ezbeharren gaitz hori salatzeko, eta arlo horretan Eusko Jaurlaritzaren politikaren erabateko aldaketa eskatzeko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.