2018-07-12 12:50
Erretiratuko diren irakasleek utzitako lanpostuak zein hezkuntzaren erronkei erantzuteko behar adinako lanpostu berriak modu egonkorrean betetzea ahalbidetuko duen EPE eta enplegu eredu baten garapena galdegiten du sindikatuak. Onartezina da %38ko behin behinekotasun maila apenas jaitsiko duen plaza kopurua eskaini eta EPEetan eskaintzen diren plazen %25 bete gabe geratzea.

Egun, gure hezkuntza publikoan lanean diharduten irakasleen %38 (zehazki 9.700) behin behinekoa da. Gainera, langile hauetako askok aspaldidanik daude egoera prekario horretan lanean gure eskoletan, ikasturtea joan eta ikasturtea etorri.

Jaurlaritzak maiatzean Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu zuen aurreakordioan, 2017-2020 legealdirako 5.000 plazako EPE deialdiak egiteko asmoa jasotzen da irakasle kidego desberdinetan, beste 500 gehitzeko aukera irekita utziz. Abian den 2018ko EPE honetan 1.511 plaza daude deituta Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketan.

Honek behin behinekotasuna onartu ezineko %28an utziko luke legealdi amaieran (5.500 plaza horietatik 3.100 erretiroengatik sortutako lanpostuak betetzeko liratekeelako, eta 2.400 soilik, behin behinekotasuna jaisteko efektua luketenak). Hau da, azken bi ikasturteetako mobilizazioen bidez sindikatuok aldarrikatutako %6tik oso urrun.

Testuinguru honetan, onartezina da 2018ko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako EPEan eskaini diren plazen %25 (1.511 plazetatik 375) bete gabe geratzea, finko izan beharko luketen 375 langilek behin behineko izaten jarraitu beharko dutelako.

Are onartezinagoak dira Hezkuntza Sailburuak hautagaien salaketen aurrean egindako adierazpenak, esan baitu alde positibo bezala mila irakasletik gora egonkortuko direla edota emaitzek harritu dituztela baina prozesua ondo eramana dagoela.

Alde batetik, prozesuaren emaitzen aurrean eta hezkuntza sailak duen arduraren baitan, hautagaien salaketak aintzat hartu eta azterketa bat gauzatu beharko lukeelako, zuzendu daitezkeen elementuak zuzentzeko, bai prozesu honetarako, bai hurrengoetarako ere.

Bestetik, ELAk behin eta berriro salatu duen bezala, behin behinekotasunak ikaragarria izaten jarraituko duelako eta Jaurlaritzak ontzat ematen duen eta aplikatzen duen EPE eta enplegu eredua ez delako egokia, ez behin behinekotasunean lanean diharduten irakasleen kontsolidazioarako, ez erretiratuko diren irakasleek utzitako lanpostuak zein hezkuntzaren erronkei erantzuteko behar adinako lanpostu berriak modu egonkorrean betetzeko ere.

Horrenbestez, ELAk eskatzen dio Hezkuntza Sailari hautagaien salaketak kontuan izan eta azterketa bat egin dezala. Gainera, ikasturtez ikasturte behin behineko egoeran diharduten, eta gaitasuna eskoletan erakusten duten irakasleen kontsolidazioa ahalbidetuko duen, erretiratuko diren irakasleek utzitako lanpostuak zein hezkuntzaren erronkei erantzuteko behar adinako lanpostu berriak modu egonkorrean betetzea ahalbidetuko duen EPE eta enplegu eredu baten garapena adostea exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari beste behin ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.