2020-03-19 18:26
ELAren ustez, premiazkoa da Eusko Jaurlaritzak ezohiko neurriak ezartzea egoera larri honi berehalako konponbidea emateko; izan ere, ordu hauetan, egoitza eta zentro soziosanitario askotan, profesionalek lanean jarraitzen dute protokoloetan jasotzen diren norbera babesteko ekipamendurik gabe.

ELAk salatu duenez, egoitza eta zentro soziosanitario askotan profesionalek lanean jarraitzen dute protokoloetan jasotzen diren norbera babesteko ekipamendurik gabe. Egoeraren larritasuna eta enpresen eta aldundien erantzunik eza ikusita, Eusko Jaurlaritzaren krisi-mahaira jo du ELAk, bertatik bertara ezagutu dezan zer baldintzatan ari diren sektoreko profesionalak lanean, eta honako aldarrikapen hauek helarazi dizkio krisi-mahaiari:

  • Protokoloak berrikustea. Egoiliar guztiak arrisku-taldekoak direnez, beharrezkoa da lanpostuko arriskuen ebaluazioak eguneratzea, orain osatu gabe baitaude.

ELAk exijitzen du, eragile biologiko horren presentziari buruzko ziurgabetasun-faktorearen aurrean, ebaluazioa zuhurtasun-printzipioari jarraikiz egin behar dela, haren presentzia ziurtzat jota. Hala ere, protokoloek hiru taldetan (a- b-eta C-) bizi diren pertsonak hierarkizatzen jarraitzen dute, enpresaren edo langilearen irizpidearen arabera izanik gainera.

  • Norbera babesteko ekipamenduen (maskarak, eskularruak, mantalak, betaurrekoak) egoitza eta zentro soziosanitario guztiak berehala hornitzea, egoiliarren eta langileen osasuna babesteko, erakundeen betebeharra baita hori bermatzea.

Gaur egun, enpresek aitortzen dute norbera babesteko ekipamendurik ez dutela, eta ez dakite noiz erabili ahal izango dituzten. ELAk ez du erantzun gisa onartzen merkatuan eskuragarri ez egoteagatik NBE gehiago eskuratzeko ezintasuna; izan ere, arrisku larrian jartzen ari dira osasuna, langileak, egoiliarrak eta gizartea oro har. Nekez bete ahal izango da protokoloa, jarraitu behar dutenek beharrezko norbera babesteko ekipamendurik ez badute.

  • Egoitzetako eta zentro soziosanitarioetako instalazio guztiak desinfektatzeko ezohiko neurriak hartzea (espazio komunak, gelak, sukaldeak, garbitegiak …), bai eta beharrezkoak diren neurri guztiak ere.

Coronavirus-Covid-19 krisia hasi zenetik, ELAko ordezkariek protokoloa berrikusteko eskatu diete beren enpresei, egoiliarren (gehienak patogenoaren aurrean arriskuko kolektiboa) arreta egokia bermatzeko eta egoiliarren nahiz langileen osasuna zaintzeko beharrezko neurriak hartzeko. 

Hala ere, foru-aldundien eta enpresen aurreikuspen ezak eta erabakiak berandu hartzeak eragin du jada osasun-krisi bat dena are gehiago larriagotzea adinekoen egoitzetan.

Aurreikuspen hori, bestalde, langileek izan dute, eta honek ohartarazpen eta erreklamazio ugari eragin dizkie enpresei, protokoloaren gabeziak eta egoerari aurre egiteko norbera babesteko ekipamendurik eta langilerik ez dagoela ikusita.

 Gauzak horrela, Gipuzkoako egoitzetako langileek martxoaren 11n erabaki zuten hitzarmen negoziazioaren ondorioz hasitako greba eta ordurako 242 eguneko greba bat zena atzeratzea. “Egoera larria aurreikusteko gai izan baziren langileak, nola liteke enpresak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritza horretarako gai izan ez izana? Izan ere, joan den martxoaren 14an Estatuko Gobernuak osasun-alarmaren egoera ezarri zuenetik, egoera ez da hobetu, egunetik egunera gehiago zaildu baizik, eta profesional askok egunero lan egiten dute beren eta artatzen dituzten pertsonen osasunerako bermerik gabe. Esan behar dugu egoitza batzuetan langileek maskarak alkoholez garbitzeko agindua jaso dutela, hurrengo egunean berrerabiltzeko”, gehitu dute.

ELAk lanean jarraituko du egoiliarren osasuna bermatzeko, eta zaintzen gaituztenak zaintzeko. Hortarako behar diren segurtasun eta osasun neurri guztiak exijituz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.