2019-12-04 14:06
ELAko ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean parte hartu dute; bertan, Legebiltzarrean izapidetzen ari den testuaren aurka agertu dira eta Batzordean egungo egoera errotik aldatuko duen lege bat bultzatzeko eskatu dute.

Testua ez onartzeko arrazoiak honako hauek dira:

  • Aurreko legegintzaldian Jaurlaritzak aurkeztu eta ondoren baztertutako testuaren "kopia hutsa” da.

  • Ez da sindikatuekin negoziatu. Areago, Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatu guztiek aho batez baztertu dute.

  • Estatuko legediaren menpe jartzen da, euskal esparru propioari uko eginez.

  • Enpleguaren arloan:

    • Behin-behinekotasuna EAE ko administrazioen gaitz nagusietako bat da: egun 40.000 herri-langile baino gehiago egoera prekarioan daude. Hala ere, lege-proiektu honek ez du mugarik ezartzen; aitzitik, atea zabalik uzten du are gehiago handitu dadin.

    • Aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilerari mugarik ezarri gabe jarraitzen du, eta ez du mekanismorik aurreikusten egon dauden lanpostu egiturazkoak formalki “sortzeko”, Europako Auzitegiek arreta deitu arren.

    • Lege-proiektuaren 19. eta 20. xedapenetan ustezko kontsolidazio baterako jasotako aurreikuspenak:

      • Finkapen hori bermatzetik urrun daude, egoera prekarioan dauden milaka eta milaka langile kanpo uzten baitituzte.

      • Beren aplikazio-eremutik kanpo uzten dituzte langile asko, baita kolektibo oso zabalak ere, hala nola unibertsitateaz kanpoko irakasleak.

      • Bere garaian EFPLk 3. eta 4. xedapen iragankorretan edo EPOEk 4. xedapen iragankorrean jasotzen zuena baino finkatze-berme txikiagoa eskaintzen dute. 

  • Gizarteak, sindikatuek eta langileek administrazioen eguneroko kudeaketan parte hartzeko eskaintzen dituen tresnak urriak dira guztiz. Txandakako gobernuko buruzagi politikoei eta izendapen askeko kargudunei botere osoa ematen die edozein erabaki hartzeko orduan.

  • Administrazioak lan-baldintzak alde bakarrez erabakitzeko eta akordioak ez betetzeko duen ahalmena indartzen du. Horrekin, de facto, negoziazio kolektiborako eskubidea baliorik gabe uzten du.

  • Lehen aldiz kode etiko bat ezartzen da, erabakiak hartzerakoan objektibotasunean eta independentzian oinarritzen den enplegatu publikoaren izaera bera auzitan jartzen duena.

  • Ez dago zerbitzu publikoak eta langileak euskalduntzearen aldeko benetako apusturik.

Beraz, ELAko ordezkariek Batzordean ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu diete testua atzera bota dezaten eta egungo egoera errotik aldatuko duen bestelako lege bat bultza dezaten:

  • Berezkoa, euskalduna, independentea eta gizartearen zaintzapekoa, interes orokorrari erantzungo dioten zerbitzu publikoak, unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak bermatzeko, eta ez interes alderdikoien eta kapitalaren interesen aldekoa.

  • Funtzio publikoa enplegatu publikoek beteko dutela bermatuko duena, zerbitzu gehiago pribatizatzea eragotziko duena eta enpleguari eutsiko zaiola bermatuta, pribatizatutako zerbitzuak arlo publikora itzuliko dituena.

  • 40.OOO langile publikoren enplegua finkatuko duen legea. Eta egungo egoera errepikatzea saihestuko duten neurriak jasoko dituena.

  • Lan-baldintza duinak eta benetako negoziazio kolektiborako eskubidea bermatuko dituena, mugiezintasunean eta independentzian oinarrituta, kanpoko esku-sartzerik gabe, eta alde bakarreko inposiziorik gabe.

  • Genero-berdintasunaren aldeko apustua egingo duena eta soldaten arteko arrakalari azkena emango diona.

  • Erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da euskaldunon euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea bermatzeko; horregatik, lege berriak benetako tresnak sortu beharko lituzke, gure administrazio publikoak eta sektore publiko osoa egiatan eta epe laburrean euskalduntzeko. Zentzu honetan, ELAk euskaraz bizitzeko aurkeztu berri dituen 11 urratsen artean, bereziki aipatzekoa deritzogu enplegu publikoko lege berri bati buruz ari garen gaurko honetan, ondorengoari: hurrengo 15 urteetako erretiro prozesuak erabiltzea 15 urtetan zerbitzu guztiak elebidunak izango direla bermatzeko eta langile guztiek euskara ulertzeko gaitasuna dutela ziurtatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.