2020-07-06 11:40
ELAk, Palestinako Justiziarako Europako Sare Sindikaleko kide gisa (34 sindikatu europarrek osatua), bat egin du Israelgo Gobernuaren anexio-plana gaitzesteko Sare Sindikalak egin duen komunikatuarekin.

Hona hemen komunikatua:

 

Israelgo Gobernuak okupatutako Zisjordaniako zatiak eransteko duen plana kolpe suntsitzailea da palestinarren eskubideentzat eta bi estaturen konponbide baten itxaropenarentzat, estatu palestinar bideragarri batekin. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen 'Mendeko Akordioa' izenekoan oinarritutako proposamenek Palestinako lur eremu handiak, gaur egun okupazio militarraren pean daudenak, Jordango Harana eta legez kanpoko kokaguneak barne, Israelen parte deklaratzea ekarriko dute, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen hamarkadetako ebazpenak urratuz.

 

Mende erdi baino gehiagoz, Zisjordaniako palestinar biztanleriak zuzenbide militarreko sistema krudel bat jasan du, bere eskubideak urratu dituena, mugimendu askatasuna, lan duina, osasuna, hezkuntza, ura eta beste zerbitzu publiko batzuk barne.

 

Nazioarteak berehala erantzun behar dio Palestinako gizarte zibilaren eta giza eskubideen aldeko erakundeen deiari, sindikatuak barne, estatuen "neurri eraginkorrak" eskatu baitituzte anexioa saihesteko.

 

Giza eskubideekin, langileen eskubideekin eta nazioarteko zuzenbidearekin konprometitutako sindikatu europarren mugimendu gisa, Europar Batasunari eta Europako gobernuei honako hauek eskatzen dizkiegu:

 

- EB-Israel Asoziazio Akordioa bertan behera uztea, Israelgo Gobernuak giza eskubideei buruzko klausulak bete eta anexio-plana bertan behera utzi arte;

 

- Israelekin arma-merkataritza bertan behera uztea;

 

- Israelgo legez kanpoko kokalekuekin eta enpresa konplizeekin merkataritzari debekua ezartzea;

 

- Israel Europako ikerketa-programetatik kanpo uztea.

 

Gainera, mugimendu sindikalari dei egiten diogu Palestinako sindikatuek eta Palestinako gizarte zibilak "minik ez egiteko" ("do no harm") eskaria kontutan hartu dezaten eta, beraz, bere erosketa- eta inbertsio-politikei dagokienez, Israelgo legez kanpoko kokaguneen edozein motatako konplizitatea duten enpresak saihesteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.