2020-07-02 18:28
ELAk jakin ahal izan duenez, langile bat hil da gaur goizean GI-636 errepidean, Irunen (Gipuzkoa), beste ibilgailu baten kontra talka egin ostean. Lehenik eta behin, ELAk bere atsekabea adierazi nahi du heriotza berri honen aurrean, eta babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

Aurten, 34 pertsonek bizitza galdu dute lan-istripuan, koronabirusak eragindako heriotzak kontuan hartu gabe. Ildo horretan, ELAk lan-istripuen datuetan dagoen azpi-erregistroa salatu du. Garraioaren sektorean gertatzen den bezala, lanera joan eta etortzeko bidaietan gertatutako istripuak eta horrek eragindako gainerako joan-etorriak ez dira lan-istriputzat hartzen, eta, ondorioz, oraindik ez dira estatistika ofizialetan jasotzen.

Hala eta guztiz ere, ELAk gogorarazi du ezbehar-tasek argi erakusten dutela egoera larria dela, eta goranzko joera dagoela 2013tik. 2008ko krisiaren ondoren hartutako neurrien emaitza da. Neurri horiekin, azken urteetan, Confebaskek eta enpresa handiek beren onura ekonomikoa lehenesteko aukera eman dute, plantillen osasunaren eta segurtasunaren kaltetan.

Horren aurrean, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio patronalaren jarrerekin bat ez egiteko eta langileen osasuna eta segurtasuna behingoz lehenesteko, are gehiago egungo osasun-krisian. Horretarako, elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrak alde batera utzi behar dira, eta baliabide horiek Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren bitartekoak gehitzera bideratu behar dira, Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzeko eta segurtasunaren eta osasunaren arloan enpresen ez-betetzeak kontrolatzeko.

Azkenik, ELAk, euskal gehiengo sindikalarekin batera astelehenean, uztailak 6, 11: 00etan Irungo Mendelu auzoko Zubi-Muxu biribilgunean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu nahi du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.