2020-07-06 17:32
Uztaila hasi berria da eta dagoeneko hiru langile hil dira lan-istripuagatik daramagun egun gutxitan. Ekainaren 2an, eraikuntzako langile bat hil zen Irunen. Egun bat geroago Forestales Ugarriza SA enpresak azpikontratatutako langile autonomo bat hil zen Gorozika auzoko Bizkargi mendian lan egiten zuen makinarekin harrapatuta, moztutako pinuak kentzen ari zela, eta gaur Izobex Construcciones enpresako langile baten heriotza deitoratu behar dugu. Istripu larria izan zuen joan den astean kamioiaren atoitik erorita,

Urte honetan, gutxienez 37 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan-istripuan, eta horiei Zaldibarko zabortegiko bi langileak gehitu behar zaizkie, oraindik hondakinen artean aurkitu ez dituztenak. Laneko istripuei buruzko estatistikak beti dira onartezinak, baina aurten are onartezinak dira, koronabirusaren ondorioz lan-jardueran izan dugun geldialdia kontuan hartuta.

Langileak hiltzen jarraitzen dute saihestu daitezkeen lan-istripuengatik eta ezagutzen diren eta prebentzio-neurriak dituzten gaixotasun profesionalengatik, baina gauzak berdin jarraitzen dute. Hortxe daude datuak, kamuflatu nahi badira ere. Gobernuek eta erakundeek ez dute erreakzionatzen, doluarekin bat egiten dute soilik, baina ez dituzte aldatzen bere lanpostuan pertsona bat gehiago ere ez hiltzera bideratutako politikak eta baliabideak. Enpresa askok uste dute prebentzioa garestia dela, eta, bestalde, inork ez ditu kontrolatzen, ez dagoelako nahikoa langile eta baliabide enpresetan prebentzio- eta babes-mailen jarraipena egiteko. Horregatik, jende askok bizitza jokoan jartzen du, jakinda prebentzio neurri egokiak eskatzen badute kalean aurki daitezkeela.

Gaur, Irunen, elkarretaratzea deitu dute eraikuntzako langilearen heriotza salatzeko; bihar, asteazkena hilak 8, beste elkarretaratze bat egingo dute Gasteizen Izobezeko langilearen heriotza dela eta; eta ostegunean, hilak 9, beste elkarretaratze bat gehiago egingo dugu hildako baso-langilearen alde. Aski da!

ELAtik bizitza lanaren aurretik jartzea eskatzen dugu, osasuna ekoizpenaren aurretik, eta beharrezkoak diren prebentzio-neurri guztiak jartzea etengabe bizitzak gal ez daitezen.

ELAk, euskal gehiengo sindikalarekin batera, asteazken honetan, 11:30etan, SEA-ren aurrean eta ostegunean, eguerdiko 12:00etan oraindik erabakitzeke dagoen tokian, deitu diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du, heriotza horiek guztiak eta langileen lan-prekarietatea salatzeko, hori baita lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen atzean dagoen arrazoi nagusia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.