2019-02-13 09:27
Euskadiko Eskola Kontseiluak EPEen inguruan egindako proposamenak milaka langileren lanpostuak arriskuan jartzen dituela salatu du ELAk. Egun, EAEko hezkuntza publikoan lanean diharduten 27.220 irakasleetatik 10.823 behin-behinekoak dira, hau da, %40a. Beraz, ikasturte honetan behin-behinekotasunak gora egin du, %38tik %40ra igoz, hau da, 1.123 behin-behineko gehiago ditugu aurten irakasleen kidegoan. Gainera, langile hauetariko asko aspalditik daude egoera prekario honetan.

2018ko maiatzean Jaurlaritzak STEILAS, LAB, CCOO eta UGTrekin sinaturiko akordioan 2017-20 legealdirako kasurik onenean 5.500 plazako EPE deialdiak egiteko asmoa jasotzen zen. Honek behin-behinekotasuna onartezina den %28an utziko luke, hau da, azken bi ikasturteetan, STEILAS eta LAB sindikatuekin batera aurrera eramandako greba eta mobilizazioetan aldarrikatutako %6tik oso urrun. Eta gainera, EPE deialdi honek ez du bermatuko urte luzeetan zehar Jaurlaritzak behin-behinekotasunera eta prekarietatera kondenatu dituen irakasleek beraien lanpostuak kontsolidatzea.

Testuinguru honetan ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailaren 2019rako martxan jarri duen EPE. Bestetik, hainbat aldaketa egin ditu Jaurlaritzak EPE prozesu honetarako, baina hauetariko bat oso larritzat jotzen dugu: EPEa gainditu baina lanposturik lortzen ez dutenei zerrendetan 6 puntu meritu moduan baloratzea, alegia. ELArentzat, behin-behinekotasun maila honekin, onartezina da EPEa gainditzeagatik merituak kontatzea egoera normalizatu baten egongo bagina bezala. Izan ere, Jaurlaritzak urteetan ez du inolako EPE deialdirik egin eta egin dituenean oso plaza gutxi atera ditu lehiaketara, etengabe behin-behinekotasuna areagotuz. Hezkuntza sistema larriki kaltetzen duten erabaki hauek sorturiko ondorioak konpontzeko gobernuak milaka interino eta ordezko “erabili” ditu urte askotan, behin-behineko kontratuekin, modu prekarioan. ELArentzat onartezina da honelako proposamenak egitea, are gehiago aldez aurretik lanpostuak kontsolidatzeko inolako planik adostu gabe, urte luzetan hezkuntzan modu prekarioan lan egitera behartu eta beraietaz probestu den milaka irakasleren lana arriskuan jarriz.

 

Testuinguru honetan, Euskadiko Eskola Kontseiluak hautaketa prozesuen inguruan egindako proposamenak oraindik haratago doaz: urteetako esperientzia gutxiago baloratu eta bestelako konpetentziak lehenestea, interinoentzat EPEetara aurkeztea derrigorrezko baldintza izatea, EPEa gainditzea baloratzeaz haratago proba hauetan ateratako nota kontutan hartzea zerrendetan lehentasunezko lekua izan dezaten (konkretuki EPEa gainditu dutenak nota eta merituen baitan ordenatuta zerrendetako lehen postuetan jartzea proposatzen dute), zerrendetan izena eman ahal izateko konpetentzia froga bat gainditu behar izatea… ELArentzat erabat onartezina da aurretik deskribaturiko testuinguruan hezkuntza sistemaren gabezien ardura irakasleengan jartzea eta Jaurlaritzak guzti honetan daukan ardura kenduz eta ezkutatuz milaka irakasleren lanpostuak arriskuan jarriko lituzketen neurriak planteatzea.

ELAk adierazi nahi du, alde batetik, hezkuntza publikoak inbertsio eta baliabide gehiago behar dituela benetako berdintasuna, heziketa integrala eta ikasleen garapen pertsonal eta soziala modu egokian bermatu ahal izateko. Gobernua azken urteetan egiten ari den lan baldintzen prekarizazio eta murrizketa bidearen guztiz kontrako norantzan, ikastetxeen eta hezkuntza sistemaren behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin bete behar dira eta behin-behinekotasunarekin amaitu, kontsolidazio bermeak izango dituen behar besteko EPE deialdi bidez, gelako ikasle kopuruak jaitsi behar dira, hezkuntzako lanpostuak nabarmen gehitu eta egonkortu, erretiroa erraztu eta plantilak gaztetu, ordezkapenak lehen egunetik egin, ikastetxe eta langileen baliabideak biderkatu eta prestakuntza hobetu eta zabaldu.

Hauek izan ziren aurreko bi ikasturtetan sindikatuok antolatutako greba eta mobilizazioen bidez Gobernuari luzatzen genizkion eskaera eta aldarrikapenak. Tamalez, Eusko Jaurlaritzak STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioek ez diete egoera hauei erantzunik ematen. Beraz, ELAk egoera hau aldatzeko lanean jarraituko du, langileak antolatu eta mobilizazitzera deituz.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.