2019-05-15 09:51
Maiatzaren 10eko negoziazio-mahaiaren bilera irregulartasunak salatu zituen ELAk. Hezkuntza Sailaren arduragabekeria haratago doa, eta zazpi greba egun ondoren, gai zerrendan bi puntu besterik ez zituzten sartu: aurreko bileretako aktak sinatzea eta EPEa. Eta bi puntu hauetan ere etxeko lanak egin gabe etorri ziren. Izan ere, aktarik ez zuten ekarri sinatzeko eta EPEaren inguruan ere ez zuten proposamen zehatzik ekarri, urte amaierarako deialdia egingo dutela besterik ez (ez zenbat lanpostu aterako dituzten, noiz izango diren, EPE ereduaren proposamena, langileen kontsolidazio planteamendua...). Beste behin ere, eta mahaian gertatu dena ikusita, gainerako sindikatuei greba eta mobilizazioetara batu daitezen dei egiten die ELAk.

Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten sukaldari eta garbitzaileen kolektiboa (oraindik ere pribatizatu gabe geratzen den %10a) Jaurlaritzaren ardurapeko feminizatu eta prekarizatuena da, eta birritan salatu dugun moduan hau ez da kasualitatea, Eusko Jaurlaritzaren erabaki politiko baten ondorio baizik. Horrela, eskubide berdintasunaren aldeko eredu izatetik urrun, genero diskriminazio sortzailea da. Sektorean behin-behinekotasuna %70etik gorakoa da, funtzio eta kategoriak ez zaizkie aitortzen (historikoki emakumeoi egotzi zaizkigun eta dohainik egin ditugun lanak baitira), sektorearen profesionalizazioari uko egiten zaio behin eta berriro, pareko sektore maskulinizatuekiko soldata arrakala nabaria da, autonomia ekonomikoa ezinezko egiten duten jardunaldi partzialak hainbat eta hainbat dira (batzuk 2 ordukoak!), pribatizazioak aurrera darrai... Eta gainera, azken urteetan, krisiaren aitzakiapean hainbat eta hainbat murrizketa aplikatu dira: %8 eta %11 bitarteko eroste ahalmen galera (23.000€tik gorako galera metatua), ratio eta lan kargak nabarmen handitu dituzte, ordezkapenik ez da egiten, etab. Hauek izan ziren nagusiki aurreko bi ikasturteetan, LAB sindikatuarekin batera greba eta mobilizazioetara eraman gintuzten arazoak. Zoritxarrez, mobilizazio hauek indar betean zeudela, LABek, UGT eta CCOOekin batera, gure aldarrikapenei erantzuten ez zien eta desmobilizazioa ekarri zuen akordioa sinatu zuten Jaurlaritzarekin ELAren iritziaren kontra.

Ikasturte berria hasi orduko ikusi genuen sektoreko arazo estrukturalak bere horretan jarraitzen zutela, eta greba eta mobilizaziorik ezean Hezkuntza Sailak ez duela ezer negoziatzen (urtebetean 2 negoziazio-mahai besterik ez dira egon), eta erabakiak aldebakarrez hartzen dituela (jantoki eta sukaldeen kudeaketa eredu aldaketa). Beraz, berriro ere antolatu eta martxoan grebei ekin genien, oraingoan ELA sindikatuak deiturik soilik. Behin eta berriro greba eta mobilizazio hauek beste sindikatuekin adosten saiatu garen arren, hauek ez mobilizatzea erabaki dute. Jadanik jarraipen zabala izan duten 7 greba egun burutu ditugu.

Bitartean, Hezkuntza Saila, LAB, UGT eta CCOO jarraipen batzordean ari dira negoziatzen, non erabaki duten ELA ez dela egongo, modu erabat irregularrean eta ELAren (eta beraz, ELAri bozka eman dioten ehundaka langileren) eskubide sindikalak urratuz. Baina muga guztiak gainditu dituzte 2018an sinatutako akordioa duela 10 urteko eta indarrean ez dagoen hitzarmenean aldaketa batzuekin txertatzean eta aldizkari ofizialean publikatzean negoziazio mahaitik pasa ere egin gabe, azken urtean izan duten prozedura berdina errepikatuz baina oraingoan negoziazio mahaian eszenifikatu ere egin gabe. Horrela, sektoreko lehen sindikatua negoziaziotik erabat baztertu nahi dute, zigortzeko ez duela bake soziala oparitzen, zer eta oinarrizko edukirik jasotzen ez zuen akordio baten truke. Gainera, langileen kudeaketa zuzendariak hau autoritarismo eta langileekiko eta beren ordezkariekiko errespetu falta izugarriaz argi eta garbi adierazten du behin eta berriro esaten digunean akordioa sinatu ez badugu ez dugula ezer esatekorik honen inguruan. ELAk oso larritzat jotzen du Hezkuntza Sailaren jokaera eta autoritarismo hau, baita gainerako sindikatuek ELAren eskubide sindikalen urraketan hartu duten parte hartze aktiboa ere.

Ostiraleko negoziazio-mahaiaren bilera irregulartasun hauek salatuz hasi genuen. Baina Hezkuntza Sailaren arduragabekeria haratago doa, eta 7 greba egun ondoren, gai zerrendan bi puntu besterik ez zituzten sartu: aurreko bileretako aktak sinatzea eta EPEa. Eta bi puntu hauetan ere etxeko lanak egin gabe etorri ziren. Izan ere, aktarik ez zuten ekarri sinatzeko eta EPEaren inguruan ere ez zuten proposamen zehatzik ekarri, urte amaierarako deialdia egingo dutela besterik ez (ez zenbat lanpostu aterako dituzten, noiz izango diren, EPE ereduaren proposamena, langileen kontsolidazio planteamendua...). Egoera honek langileen kudeaketa zuzendaria inprobisatzera eraman zuen, adierazpen onartezinak eginez. Sektoreko langileen titulazioez (edo titulazio ezaz) hitz egiten hasi zenean esan zuen ez zekiela nola sartu zen jende hau bere garaian, eta hau begiratu beharra zegoela; areago, bereziki sektorean lanean ari diren pertsona migratuen egoera aztertu beharra aipatu zuen. ELAtik gogor salatu genituen adierazpen hauek, lehenik eta behin Jaurlaritzak urte luzez, behin-behineko bezala eta modu prekarioan lanean eduki dituen eta beren gaitasunak soberan demostratu dituzten langile hauen egoeraren erantzukizuna Hezkuntza Sailarena, eta langileen kudeaketa zuzendari moduan berea delako, eta bigarrenik, horrelako komentario arrazista eta arbuiagarriak guztiz soberan daudelako (ze zerikusi dauka titulazio edo titulazio ezak pertsonen jatorriarekin?).

Beraz, beste behin ere greba eta mobilizazioak desaktibatzeko saiakera oker irten zaio Hezkuntza Sailari eta bere arduragabekeria, autoritarismo eta jarrera antidemokratiko eta diskriminatzailean sakondu besterik ez du egin. Honen aurrean, asteazkenean, langileen batzarrak burutuko ditugu hiriburuetan hurrengo urratsak definitzeko. ELAk garbi dauka borrokan jarraituko dugula sektore honetan ematen diren pribatizazio, prekarietate, murrizketa eta diskriminazio guztiekin amaitu arte, eta langileen lan baldintza duinetan oinarrituko den sukalde eta garbiketako zerbitzu publikoa defenditzeko. Eta beste behin ere, eta mahaian gertatu dena ikusita, gainerako sindikatuei greba eta mobilizazioetara batu daitezen dei egiten diegu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.