2018-03-07 09:21

 

LABek akordioa sinatu du Zuzendaritza eta Jaurlaritzarekin. Akordio horrek ordea, ez die erantzuten sektoreak dituen arazo larrienei. Haurreskoletako matrikulazioa behera doa prezio handiagatik (210 €/hileko), haurreskolen etorkizuna bera kolokan jarriz, eta sindikatuon aldarrikapen nagusienetakoa izan den doakotasunaren inguruan Jaurlaritzak ez du inolako proposamenik egin. Hezitzaileen artean dagoen %41eko behin behinekotasuna jaisteko inolako proposamen zehatzik ere ez da jasotzen, behin behinekotasun hori modu egokiagoan kudeatzeko ordezkoen araudi hobe bat eskeintzera mugatuz. Kudeaketa langileen inguruko LEPa ere lantzeko dago eta ratio irizpide hobe eta berdinak ezartzeko neurririk ere ez da jasotzen. Eta Amaitzeko, eros ahalmenaren berreskurapenari, gaixotasun bajen ez zigortzeari edota erretiroa errazteko inolako neurririk ez da planteatzen.

Erabateko arrakasta eta jarraipena izan duten greba eta mobilizazioen ondorioz, zuzendaritzak eta Jaurlaritzak negoziazio mahaiak desbloketatu eta hainbat eduki partzial jarri dituzte mahai gainean, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea, haurreskola guztietan 8 orduko zerbitzua eskeintzea, edota haurreskoletan lan egindako denbora hezkuntza publikoko zerrendetan meritatzea esaterako. Eduki hauek ordea, 2010 geroztik ezarritako murrizketei buelta ematetik eta gure oinarrizko aldarrikapenetatik urrun daude. Akordioak beraz, ez dio sektoreko egoera larriari erantzuten, abenduko proposamenarekiko ez du aldaketa nabarmenik suposatzen eta azken urteetan ezarritako murrizketa nagusiak mantentzen ditu.

Abendutik hona, Eusko Jaurlaritzak greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko saiakera besterik ez du egin, familiak bahitzea leporatuz eta hezkuntza publikoa kaltetzea egotziz. Inolako edukirik gabeko negoziazio mahai edo mahai teknikoak deitu ditu, negoziazio itxura eman asmoz.

Testuinguru honetan, ELAri tamalgarria, ikuspegi sindikaletik ulertezina eta guztiz arduragabea iruditzen zaio LABek, azken hilabete luzeetan masiboki 5 greba egin eta kalera atera diren ehunka langileri bizkarra eman eta gure aldarrikapenei erantzuten ez dion akordioa sinatu izana. Are larriagoa LABek jaurlaritzaren estrategia hau babestea, zuzendaritzak zein Urkullu eta Uriarteren gobernuak beraiek aldebakarrez ezarritako murrizketak ere berreskuratzen ez dituen akordioa izanik eta, nahi izanez gero, aldebakarrez ezar zitzazkeenean.

Hau honela, ELAk balio handia ematen dio langileek orain arte eginiko borrokari. Borroka horren ondorio izan da mahaiak desblokeatu izana eta zuzendaritza zein Eusko Jaurlaritza mugitzen hastera behartzea. Horregatik, sindikatuarentzat inoiz baino garrantzitsuagoa da greba eta mobilizazioei jarraipena ematea, sektorearen egoera larriari eta gure aldarrikapenei erantzuna ematera behartzeko. Honegatik guztiagatik, ELArentzat garrantzia berezia hartzen dute martxoaren 14 eta 15 greba egunek. Eta, hezkuntzako gainerako langileekin batera, haurreskoletako langileei ere dei egiten die grebetan eta antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.