ARGIA.eus

2019ko apirilaren 22a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-10-01 15:48
ELArendako oso eskasa da Nafarroako Gobernuak, Administrazioko zenbait kidegoen artean banatzeko, proposatu duen %0,3 gehigarri hori. Lehendabizi, %0,3 hori onartzea (doi-doi 3 milioi euro 2018an 20.000 langileko plantillarendako) Nafarroako berezko negoziazio kolektiboari uko egitearen parekoa da, zeren horren jatorria Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren Legean dago, PPren gobernuak maiatzean onetsi zituenak.

Madrilen ezarritako muga hori defizita betetzearen ildotik dator, eta horixe da murrizketa guztien iturria. Baina Nafarroako Gobernuak eragozpenik jarri gabe onartu du. Nafarroak duen superabiteko 241 milioietatik Madrilek hiru milioi baino ez dio uzten pertsonal publikora bideratzen. Hori bai dela autogobernuaren ukazioa.

Gainera, Mahai Orokorraren hurrengo negoziazioari begira, arras beharrezkoa zen postu eta beharrizanei buruzko azterlan bat egitea, ELAk hainbatetan eskatu izan duena, kidego bakoitzaren eginkizunak eta lansariak zuzen esleitzeko. Azterlan hori egin gabe, har daitekeen edozein neurri adabaki bat izanen da, eta kidegoen arteko aldeak, desberdintasunak eta gatazkak areagotuko dira.

Edonola ere, ELAk, bere abstentzioaren bidez, Mahai Orokorrean zenbait kidegoren alde erabakitako hobekuntzak gauzatzea erraztu nahi du, sindikatu honen betiko eskakizunak izan baitira. Era berean, ELAren ustez, bertze kidego batzuen lansariak osatu behar izatekotan, Gobernuak osatu beharko lituzke, Madrilen baimenaz edo baimenik gabe. Ildo horretatik doa ELAren irailaren 11ko proposamena, kidego gehiago aintzat hartzeko, eta Administrazioko prekarietatearen aurkako borroka modu eraginkorrago batez eramateko. Baina ez da deus kontuan hartu.

Azken finean akordio hura 2018ko martxoan PPrekin sinatu zuten sindikatuek (CCOO, UGT eta CSIF) babesa eman zieten austeritate-politikei, krisian zehar Zapaterok eta Rajoyk dekretu bidez ezarri zuten politikei; eta horrela salbuespenezkoa izan behar zena ohiko eta iraunkor bihurtu zuten, eta okerragoa dena, adostasunez eginda. Gainera, akordioaren betetzea baldintza baten pean jarri zen: autonomia-erkidegoek defizitaren, gastu-mugaren eta zor-mugaren helburuak betetzearen baldintza pean; bertzela errateko, murrizketak eta austeritatea urte anitzetarako. Izatez, benetako "155 sindikala eta laborala" izan zen. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da Nafarroako Gobernuak orain banatuko duen %0,3 hori errealitate hartatik datorrela. Beraz, Mahai Orokorrean aldeko botoa ematea EBetik eta Estatu Espainiarretik ezarritako austeritate-politikak onartzearen parekoa da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.