2018-06-08 11:12
Gure Esku Dago-k Donostia eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea antolatu du ekainaren 10erako. ELAk bat egiten du ekimen honekin eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dio sindikatuko militantzia guztiari. Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea egikaritu ahal izateko ezinbestekoa da herritarron mobilizazioa; horregatik ELAk bere babesa eman nahi dio Gure Esku Dago-ren ekimen honi.

Xabi Anzaren hausnarketa erabakitzeko eskubideari buruz:

Urteak joan ahala euskal autogobernua mozten joan dira. Orain, Katalunian piztu den gatazka baliatuta, hango autonomia 155. artikuluaren bidez eten eta gainera zentralizazioa areagotzeko tesiak ari dira nagusitzen. ELAren iritziz, konturatu egin behar gara gure autogobernuarekin zer gerta-tzen ari den, etorkizuneko estrategia bat erabaki ahal izateko.

AUTOGOBERNUAREN HIGADURA

Autogobernua era askotan ari dira hondatzen. Ez ditugu denak aipatuko, baina hauek dira adibide batzuk:

1. Oraindik ere badira transferitu gabeko eskumenak. Gernikako Estatutuan eta Foruaren Hobekuntzan jasota egon arren, estatuak alde bakarretik erabaki du ez dituela transferituko. Eskumen horiek hainbat arlotakoak dira: garapen ekonomikoa; azpiegiturak; nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikadura; enplegua eta gizarte-politikak; ingurumena; ogasuna eta ekonomia; hezkuntza; osasuna; turismoa; kultura eta hizkuntza-politika; segurtasuna, eta lana eta justizia.

2. Estatuak gero eta helegite gehiago sartzen du gure parlamentuek erabakitako legeen aurka. Eragindako gaiak: EAEn, Kontsultak, BGAEak, Segurtasun publikoa, Etxebizitza, Fracking, Drogomenpekotasunak, Biktimen erreparazioa... Nafarroan, helegitea jarri dute osasungintza unibertsala bermatzen zuen legearen aurka, edota LGTB berdintasunari, energia berriztagarriei edota cannabis kontsumitzeko elkarteen aurka.

3. Gobernuaren ekintzak ere errekurritu dituzte. EAEn hau gertatu da hainbat gaitan: osasun-prestazioen erregimena, Ertzaintzako LEP, funtzionarioen lanaldia, arlo publikoko kontratazio erregimena.

4. Estatuko legeek eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiek berzentralizazioa areagotzen dute. Horrek hainbat arlori eragiten dio: elikagaien segurtasuna, ingurumen politika, hezkuntza-sistema, gastu publikoa, enpleguaren sustapena, energia, administrazioaren funtzionamendua, dirulaguntzak, osasungintza, garraioa... Gai hauetan eta beste batzutan, estatuak lege bidez bere politikak inposatzen ditu. Eta gatazkaren bat sortzen denean, Auzitegi Konstituzionalak arrazoia beti Estatuari ematen dio.

5. Gai oso garrantzitsutan higadura Espainiako gobernuarekin adosten ari dira Gasteizko eta Iruñeko gobernuak. Azkenekoak eta esanguratsuenak, duten eraginagatik, Aurrekontuen Egonkortasun legea eta delako gastu-araua dira. Itun horiek baldintzatu egiten dute gure erakundeek gizarte-gastua aldatzeko duten ahalmena.

6. Estatuaren zenbait erabakik gure erakundeen estatus politikoari indarra kendu diote, estatuaren lehentasuna sendotzeko. Horietako bat, garrantzia handikoa, da Eusko Legebiltzarrak ez daukala demokrazian parlamentu guztiek duten bortxaezintasunik.

7. Udalen milaka erabaki errekurritu dituzte, batik bat gobernuaren ordezkariek. Estatuaren jopuntuan daude etengabe euskara, tokiko kontsultak edota presoen senideentzako laguntzak.

8. Azkenik, langileontzako funtsezko gaia: negoziazio kolektiboaren zentralizazioa, zeinak pobretzen gaituen. Patronalak, CCOOk eta UGTk Estatutik eragotzi egiten digute euskal gehiengooi gure lan- baldintzak finkatzeko aukera.

BURUJABETZAREN ALDE MOBILIZA GAITEZEN

Horrenbestez, ondorio bat atera daiteke: gure autogobernu-markoa ez da inola ere sendoa. Estatuak ez ditu errespetatzen gure legeak, ezta gure erabakiak ere. Horregatik, alde biko harremana goraipatzen dutenek ez dute egia esaten.

Autogobernua izateko eskubidea zor zaigu, eta burujabe izan behar gara bestelako herri bat eraikitzeko, hala politika publikoetan (enplegua, gizarte-babesa...), nola erronka jakin batzuri aurre egiteko moduan: klima aldaketa, egungo eredu ekonomikoaren etorkizunik eza... Beste eredu batzuk behar ditugu hainbat arlotan: energia, finantzak, elikadura, zaintza edo garraioa. Gai hauei guztiei buruz erabakitzeko aukera izan behar dugu, baita Espainiarekiko gure harremanaz ere.

Datorren ekainaren 10ean Gure Esku Dagok bultzatuta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak batuko dituen giza-katea izango da. Berarekin adierazi nahi da herritarrek erabakitzeko eskubidearen alde daudela. ELAk bere afiliatuei eta euskal herritarrei dei egiten die deialdian parte hartzera.

 

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.