2018-10-05 11:52
ELAk gogoratu du Bizkaiko Bulego eta Despatxuen lan-hitzarmena 2012tik hona geldirik dago, berritu gabe. CEBEKek lan erreformak baliatu zituen hitzarmena hilda zegoela erabakitzeko.

Aspaldi honetan ELA lanean ari da sektoreko langileek egoeraren kontzientzia hartu eta lan-baldintzak hobetzeko borroka dadin. Sektore gero eta prekarioagoa honetan Bizkaian 23.000 lagunek egiten dute lan. Lan-baldintzak gero eta okerragoak dira. Zenbait beharginek 2012tik aurrera baldintzak izoztuta dituzte, eta lanean hasten direnei kasu batzutan estatuko hitzarmenak aplikatzen dizkiete. Gaur sektorearen zati handi bat enpresa handientzat azpikontratatuta eta modu prekarioan ari da lanean.

Egoera honetan azken urteotan sektorea mugitzen hasi da; langileekin egindako kontzientziatze lanak fruitua eman du. Sektore honetan ez zegoen tradizio sindikalik, baina azken aldion hainbat greba eta manifestazio handiak ikusi dira.

Badirudi honek CEBEKi ez diola bat ere axola. Ia bi urtez batzarrak egin ostean mahaia blokeatuta dago. Patronalaren jarrera iraingarria da: Negoziatzen jarraitzeko egungo baldintzak murriztea onartu behar da. Haatik, horri men eginez gero -gutxieneko bermea eta antzinatasuna moztuz- enplegua are prekarioagoa litzateke. CEBEKi boxt axola dio sufritzen ari garen prekarizazio eta estatalizazio prozesua; okerrago dena, hitzarmenaz baliatu nahi du hori areagotzeko. Blokeoa erabatekoa da: negoziazio-mahaia berriro biltzeko ez dago hitzordurik.

Uneotan enpresak etekin handiak ari dira lortzen, eta CEBEKen jokabidea guztiz arduragabea da.

Horregatik ELAk uste du urte amaiera aurretik greba mugagabea izan daitekeela irtenbide bakarra, patronala mugitzen ez bada. CEBEKek negoziazioaren blokeoa mantentzen badu grebak sektoreko enpresei ez ezik hemengo enpresa handiei ere eragingo die, azpikontratatuta gauzkaten heinean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.