2019-03-05 10:17
ELAk greba erregistratu du Eskola Jantokietako Kudeaketa Zuzenean. Greba horretara deitutako langileak Eusko Jaurlaritzak eskola-jantokietako kudeaketa zuzena egiteko azpikontratatu dituen langileak dira, hurrengo enpresa hauetan lan egiten dutenak: Gastronomía Cantabrica, Eurest Euskadi, Tamar, Cocina Central Goñi, Auzolagun eta Magui. Langile-kidego hori 8.000 emakume inguruk osatzen dute.

Greba horren zergatiak lehenago bilatu behar dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren etengabeko erabakietan, lan-baldintzak egunetik egunera prekarizatu dituzten erabakietan. Hezkuntza Sailaren azken erabakietako bat eskola-jantokiak kudeatzeko aukera gurasoen elkarteei eskaintzea izan da, langileen kontratazioa ere barne. ELAk arduragabekeriatzat hartu du proposamena, eta hezkuntza-erkidegoaren zati handi batentzat proposamen kezkagarria izan da. Bestalde, azkenean hautatuko den eredua edozein delarik ere, pertsonalaren subrogaziorako baldintzak jasota ekarri behar dituzten baldintza-pleguak argitaratzear daude.

Horiek horrela, sektoreko langileen eskakizunak lehen lerroan ipini behar dira. Gainera, eskola-jantokiak kudeatzeko hautatuko den eredua edozein ere den, baldintza-pleguetan gai jakin batzuk jaso behar dira: lan-kargak aztertzea, hezkuntzaren laneko partaide garen aldetik ratio egokiak ezartzea, gure eginkizunak zehaztea -lan gehiago pertsonal gutxiagorekin urterik urte eskatu gabe-, prekarietatea kontrataziotik ezabatzea -gutxieneko lanaldiak langileko ezarriz-, eta abar.

ELArentzat, azaldutako arazoak konpondu gabe Kudeaketa Zuzeneko Hitzarmen Kolektiboa sinatu izana desengainu handia izan da. Oso larria da otsailaren 26rako deitua genuen baterako greba bertan behera utzi izana hitzarmena sinatzean. Zantzu guztien arabera greba horrek arrakasta handia izango zuen. Horrelako edukiak dituen hitzarmen bat sinatzeak izan dezakeen arrazoi bakarra greba zapuztea da. ELArentzat arduragabekeria hutsa da mobilizazio eta grebarako aukera ez ematea Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola-jantokietako langileei, kontuan izanik haien lan-baldintzen atalik funtsezkoenak, eta lanpostuak berak ere, hurrengo baldintza-pleguetan erabakiko direla. Halaber, ELArentzat onartezina da sektore horretako soldaten bilakaera Estatuko Aurrekontu Orokorretan ezartzen diren soldata-igoerei lotzea; eta hortaz, eskola-jantokietako langileek beren soldatak Euskal Herrian finkatzeko duten eskubidea galdutzat ematea; esparru horretako gehiengo sindikalak hitzarmena sinatu izanak kontrako mobilizaziorik egiten uzten ez bagaitu ere.

Horregatik, beste bilera bat eskatu dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean. Haien esku egongo da baldintza-pleguak modu antisozialean egitea ala eskubideak eta baldintzak bermatzen duen partehartze-esparru bat irekitzea.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.