2020-02-27 15:42
ELAk greba deitu du martxoaren 8 eta 31 eta apirilaren 20rako Santurtzi eta Bilbo lotzen duen Supersur saihesbidearen gestioaz arduratzen den Transbisan. Sindikatuaren esanetan kudeaketa ezin txarragoa izan da eta lan arazoak konpondu beharrean gaiztotu egin dira azkenaldi honetan. Hain izan da txarra ezen ELAk auzitara jo behar izan baitu enpresaren kontratazio-irregulartasunak zuzentzera behartzeko, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bide-segurtasunaren betekizunak betearazteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak/Interbiak-ek Transbisari esleitu zion Supersurko ustiapena. Eta Transbisa etengabe ari da mugimenduak egiten, herri-ogasunetik ateratzen dituen etekinak ugariagoak izan daitezen. Izan ere, 2016-2018 urte bitartean 1,2 milioi eurotik gorako mozkinak atera ditu. Hala ere, enpresa horrek ez ditu kontuan hartzen bere langileen eskaerak, lan-baldintzak eguneratzeko, besteak beste, soldata, lanaldia eta lizentziak. Eta aldi berean, diru publikoaz zerbitzua okerragotzen du, pertsonala murriztu, prekarietatea ugaldu eta langileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna arriskuan jarri.

Horregatik, guztiagatik eskatzen diogu INTERBIAK/Bizkaiko Foru Aldundiari eta TRANSBISA enpresari jokabidez aldatzeko, negoziazioari berriro ekiteko, eta plantillaren lan-baldintzen gaineko murrizketa-politikak bertan behera uzteko. Halaber, eskatzen diegu langileen eskakizunak kontuan hartzeko. Saihesbide horretatik 15.000 gidari igarotzen dira egunero, eta martxoko eta apirileko greben eragina oso nabarmena izango da trafikoan, baldin eta Interbiakek eta Transbisak langileen eskakizunak kontuan hartzen ez badituzte.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.