2019-06-17 11:00
2019ko apirileko ekitaldi-itxieran ELAk inoizko ordezkaritzarik zabalena lortu du Hego Euskal Herrian (%36,85), EAEn (%41,68) eta Nafarroan (%23,23)

ELAk sekula ez bezalako marka lortu du ordezkaritza-mailetan EAEn, Nafarroan eta Hego Euskal Herrian, 2019ko apirilaren amaierako datu ofizialen arabera. Hortaz, ELAk handitu du bere lehengo ordezkaritza zabala EAEn (%41,68) eta Hego Euskal Herrian (%36,85); Nafarroan, bestalde, nabarmen egin du aurrera (%23,23), eta gero eta hurbilago dago lehen sindikatutik. 2014ko abendutik, lau urteren epea kontuan hartuta, ELAren hazkundea 1,77 puntukoa izan da, Hego Euskal Herri osoa harturik; EAEn (1,80 puntu) eta Nafarroan (1,70 puntu) haztearen ondorioz.


EAEari dagokionez, ELAren hazkundea orekatua izan da hiru lurraldeetan, eta ordezkaritza-mailetan egundoko emaitzak lortu dira guztietan: Araban (%37,47, 2019ko apirilaren itxieran, 2014ko abendutik 3,31 puntu gehiago), Bizkaian (%40,83, hau da, 1,43 puntu gehiago), eta Gipuzkoan (%45,39, hots, 1,65 puntu gehiago).


Hauteskunde sindikalen aldi trinkoa bukatzear dago, eta ELAk bere poza agertu nahi du sektore guztietako lantokietan jasotako sostenguagatik. Era berean, eskerrak ematen dizkiegu ELAren eredu sindikalean sinetsi duten guztiei.


Bereziki goraipatzekoak dira ELAko ehunka militanteak eta milaka ordezkariak, emaitza bikain horiek lortzen hainbeste ahalegintzeagatik; gizarte zuzenago baten aldeko kontraboterezko eredu sindikal honekin engaiatu eta lanera osoki emanak izan baitira.


Sindikalgintza ez da lan erraza, eta hauteskunde sindikalak ere ez. Goraka doan prekarietateak pertsonen askatasun sindikala ere baldintzatzen du, eta patronalak bere esku dagoen guztia egiten du hauteskunde sindikalen eskubide demokratikoa oztopatzen. Patronalek, kanpora begira, hitzaldi ederrak egiten dituzte, demokrazia, partaidetza, proiektu partekatuak, elkarren arteko kudeaketa, pertsonen garrantzia eta horiek bezalako ideia laudagarriak bilbatuz; baina, barrura begira, lantokietan, langileen baldintzak gero eta prekarioagoak egiten dituzte. ELAn, ordea, sinetsita gaude lan- eta gizarte-arloetako hobekuntza handirik ezin dela lortu, mobilizaziorako eta, behar izanez gero, grebarako ahalmenik izan gabe.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.