2018-06-08 12:36
Behin akordioa sinatu eta gero, ELAk -sektore horretako lehen sindikatua, ordezkaritzaren %60 izanik- zorionak ematen dizkie militante guztiei lorturiko hitzarmenagatik. Akordioan jaso diren edukiak ez ziren jasoko azken urteotan salatzen eta antolatzen egin den lana egin izan ez balitz. Lan horren ondorioz, sektoreko langile-kopuruaren zati handi bat ahaldundu da, deiturik zeuden grebetan parte hartzeko prest egon arte; baina azkenean ez da beharrezkoa izan, patronalaren jarrera aldatu delako.

Gaur sinatu diren puntu nagusiak, lehendik ezagunak ziren berberak dira:

  • Indarraldia: 2018-2021. Soldatak KPI+%0,4 igoko dira gehi 500 euro lineal urte bakoitzean; hortaz, 2009tik galdutako eroste-ahalmena berreskuratuko dute sektoreko langile gehienek.

  • Lan-erreformatik blindatzea. Lan-baldintzak salbuetsi ahal izateko, adostasuna beharko da, derrigorrezko ezarpenik gabe. Hitzarmenaren indarraldiak iraungo du hurrengoa sinatu arte.

  • Subrogazio-eskubidea errepideak mantentzeko pertsonalarentzat.

  • Batzorde bat sortzea erabaki da, zuzeneko ordainketa kudeatzeko, hitzarmenaren ez-betetzeren bat gertatzekotan. Halakoetan enpresa nagusiak, enpresa sustatzaileak edo administrazio publikoak ordainduko lieke zuzenean langileei. Tresna hori oso aurrerapen garrantzitsua da, hitzarmena osotasunean betearazteko helburua lortzeko bidean.

ELAk bere poza agertzen du lorturiko edukiengatik, baina, era berean, argi utzi nahi du adi egongo dela sinaturikoa ea benetan betetzen den ziurtatzeko. Sektore horretako enpresetako ohiko jokabidea azken urteotan, zoritxarrez, lan-arloko legerik oinarrizkoenak ere ez betetzea izan da. Guk, gure aldetik, sektore horretako lana duintzeko ahaleginetan jarraituko dugu, eta horretarako hitzarmen berriak ematen dizkigun tresnak erabiliko ditugu.

LABen aldetik, hitzarmenaren edukiak kritikatu ondoren, eta ELAri gailentzeko nahiaz aritzea egotzi ondoren, artean akordioari buruzko inolako balioespenik egina ez bagenuen ere, bada azkenean hitzarmena sinatzea erabaki du. Ez da oso jokabide zentzuduna, gure ustez. Dena dela, guretzat garrantzizkoena zera da: hitzarmena ordezkaritza sindikalaren %95ek sinatu izana. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi hitzarmenaren puntu nagusiak ELA sindikatuak sustatu eta bultzatu dituenak izan direla.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.