2018-08-29 13:01
Murrizketek lan ezbeharrak eragiten dituzte: Correosek desagerrarazi zituen kontratazio berrientzako bi egunetako egokitzeko saioa.

ELAk irmoki salatzen du Irene Hernandez Marin 29 urteko Correoseko aldi baterako langilearen heriotza. Jundizko poligonoan, Gasteizen banaketa lanetan ari zela hil zen, furgoneta batek harrapatuta.

ELAk elkartasun osoa adierazi nahi die Ireneren senideei, lagunei eta lankideei. ELAk salatu nahi du, langileon lan baldintzak tarteko, postariek hainbat arrisku pairatzen dituztela lanean, eta enpresak sarri ez dituela behar bezala kudeatzen. Motorrez banaketa egin ohi duten langileei dagokienez, trafikoari lotutako arriskuak areagotu egiten dira atzokoa bezalako egun beroetan (30ºtik gorako tenperaturak izan ziren), bero-kolpeen ondorioz.

Enpresek, eta Correosek kasu honetan, arrisku horiez ohartarazi eta dagozkien aginduak nahiz prestakuntza emateko erantzukizuna daukate. Gainera, arrisku larria dagoenean lan jarduna geldiarazteko betebeharra ere badute.

Salatu nahi dugu, era berean, aurretiaz egin ohi zen lanpostura egokitzeko bi egunetako saioa desagerrarazi izana, lanpostuaren jabearen eskutik egiten zena, edota berariazko harrera edo prestakuntza ikastarorik eskaini ez izana, besteak beste. Onartezina da laneko istripuen "normalizazioa": 2018ko lehen sei hilekoan 17 hildako izan dira Hego Euskal Herrian!

ELAk, enpresei, Correosi kasu honetan, eta Jaurlaritzari, laneko istripuak erabat gutxitzeko politikak eta neurriak ezartzeko jarrera irmoagoa exijitzen die.

Azkenik, dei egiten dugu abuztuaren 31n, 19:30ean Correosen Postas kaleko bulego aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera.





 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.