2019-10-14 15:40
ELAren izenean Janire Landaluze eta Mikel Noval gaur Legebiltzarrean izan dira, hain zuzen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) erreformatzeko EAJk eta PSEk aurkeztu duten proposamena aztertzen ari den batzordean. ELAren ustez lege proposamen hau ezin da erreformatu, azken urteetan aplikatu izan diren murrizketen logikaren baitan egin baitute; horietxek eragin dute azken urteetan EAEn pairatzen ari garen pobreziaren gorakada, hazkunde ekonomikoa sendoa izan arren; hori utzi du agerian Eusko Jaurlaritzaren Pobreziari eta Desberdintasun Sozialei buruzko Inkestak.

 

Landaluzek esan du proposamenarekin DSBEaren zenbatekoan dagoeneko aplikatzen diren murrizketak kontsolidatuko liratekeela. 2008Ko legearen arabera, DSBE Gutxieneko Soldataren (LGS) arabera finkatu behar da; beraz, hilean 924 eurokoa izan beharko litzateke. Alabaina, gaur soilik 667,05 eurokoa da. Lege proposamenak zenbateko finko bat ezartzen du, 659,75 euro, eta LGSarekiko erreferentzia kentzen du.

Landaluzek gogoratu duenez, bestalde, proposamenean beste murrizketa batzuk ere aipatzen dira, esaterako DSBE laguntza bakarra jaso ahal izatea etxebizitza bakoitzeko, nahiz eta bertan bizikidetza-unitate gehiago egon.

Bestalde, Novalek salatu du lege proposamenean jaso direla prestazioa murrizten duten hainbat neurri eta koefiziente; guztiek helburu bakarra dute, prestazioa kentzea edo zenbatekoa areago murriztea, ahal den jende gehienari. Argi dago gure jendartean egoerarik okerrenean duden pertsonak kriminalizatzen eta estigmatizatzeko estrategian sakondu nahi dela.

ELAren ustez lege proposamen hau ezin da erreformatu, azken urteetan aplikatu izan diren murrizketen logikaren baitan egin baitute; horietxek eragin dute azken urteetan EAEn pairatzen ari garen pobreziaren gorakada, hazkunde ekonomikoa sendoa izan arren; hori utzi du agerian Eusko Jaurlaritzaren Pobreziari eta Desberdintasun Sozialei buruzko Inkestak.

Horrenbestez, Landaluzek eta Novalek exijitu dute lege proposamena erretira dezatela eta aintzat har dadila Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatu zuen herri-ekimen legegilea; honek gizarte-prestazioen hobekuntza nabarmena eskatzen zuen, baita errenta sozialeko etxebizitza izateko eskubidea bermatzea ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.