2020-06-15 15:58
Gaur Herri Administrazioetako Mahai Orokorreko sindikatuekin izan duen bileran eskatu dugu enplegu publikorako birjartze tasak kentzeko eta gure herrian aldi baterako milaka langile publiko finkatzeko neurriak har ditzala.

Lurralde Politika eta Herri Administrazioko Ministroak gaur bilera bat deitu du Herri Administrazioetako Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuekin; bileran ELAk salatu egin du Estatuko Gobernuak -gure agintarien adostasunarekin- berton esku hartzeko, zentralizatzeko eta austeritatea ezartzeko garatu duen politika; horren ondorioa izan da azken urteetan gertatu den zerbitzu publikoen eraispena.

Izan ere, pandemiak agerian utzi baitu langile publikoen ahalegin eta inplikazioa izugarria izan den arren austeritate politikek, arlo publikoaren eraispenak, murrizketek eta pribatizazioek herritarrentzat ondorio oso larriak eragin dituztela; beraz, zerbitzu publikoak sendotu beharra dago. Horregatik, gaurko bileran honakoak eskatu ditugu:

 

  • Aitor diezagutela gure eremuan zer nolako zerbitzu publikoak izan nahi ditugun erabakitzeko eskubidea.

 

  • Pribatizatu izan diren zerbitzu publiko guztiak berriz ere publifikatu behar dira, enplegurik suntsitu gabe.

     

  • Oinarrizko zerbitzu publikoak indartu behar dira. Agerikoa da orain daudenetan ez direla nahikoak berme nahikoarekin ekiteko beharrizanei, ohiko zein ohiz kanpoko direla ere.

     

  • Azken hamar urteetan suntsitu diren milaka lanpostu publikoak berrezarri behar dira.

     

  • Bertan behera geratu behar dira birjartze tasak, hauek zuzenean enplegu publikoa suntsitu baitute, eta arlo publikoan aldi baterako enplegua gehitu eta prekaritatea areagotu.

     

  • Beharrezkoa da, eta premiazkoa, urtetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileak finkatzeko neurri eta bitartekoak ezartzea; bermatu egin behar da ere egungo egoera ez dela berriro gertatuko. Europako Auzitegiek hainbat aldiz ebatzi dute arlo publikoan aldi baterako enplegua abusuz eta sistemaz erabiltzen dela.

     

  • Halaber, egindako murrizketa guztiei atzera eragin behar zaie, eta galdutako eros-ahalmena berreskuratu.

 

Krisi honi emango zaion irtenbidea ezin da inola ere oinarritu 2008tik aurrera aplikatu ziren errezetetan. Zerbitzu publikoak defendituko ditugu, eta ez dugu murrizketa bat ere onartuko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.