2020-12-16 12:18
Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Mikel Noval Gizarte Ekintzako arduradunak erakundeei eskatu diete Europako funtsei buruz hitz egitean argi dezatela murrizketekin batera joango direla, enpresa multinazionalek bultzatutako egungo eredu neoliberala sendotzeko eta iraunarazteko pentsatuta daudela. "Europako funtsak gobernuen politikak diziplinatzeko tresna bihurtu dira". Gauzak horrela, Europako funtsen orientazioa onartezina dela uste du sindikatuak, erakundeei lan eta gizarte eskubideak murriztera baldintzatutako edozein funts baztertzeko exijitu die eta Europako ereduaren orientazioa errotik aldatzeko beharra azpimarratu du.

ELAren iritziz, premiaz ezabatu behar dira aurrekontu-egonkortasunaren arauak (2020rako eta 2021erako bakarrik ezarri da etendura, eta dagoeneko iragartzen ari da 2022tik aurrera berriro bete behar direla, eta horrek aurrekontu-murrizketa handiak ekarriko lituzke zorra ordaintzea lehenesteko), errenta handiei, enpresei, ondareei eta kapitalari zergak nabarmen handitzea, eta horiek estaltzeko beharrezkoak diren aurrekontu-partidak bermatzea. 
Europako funtsetara itzulita, sindikatuak azaldu du horiek arautzen dituzten irizpideek argi eta garbi zehazten dutela horiei heldu ahal izateko zenbait erreforma aplikatu behar direla, besteak beste, pentsioak, lan-erreformak edo "merkatu-batasuna" deritzon horretara bideratutakoak.
Halaber, nabarmendu du Europako funtsak, funtsean, enpresa multinazionalen proiektuak finantzatzera bideratuta daudela, eta ez direla erakundeek osasun-, hezkuntza-, zaintza-, gizarte- edo enplegu-politikak finantzatu ahal izateko, horien gabezia handiak agerian geratu baitira egungo osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisian.
Azken asteetan hartutako erabakiek (Europako Kontseiluak datozen 7 urteetarako aurrekontu-zuzkidurak onartzea, adibidez) sindikatuak bere garaian salatu zuena berresten dute.
Pedro Sanchezen gobernua egingo dituen erreformak negoziatzen ari da Bruselarekin, eta modu klandestinoan egiten ari da, negoziazio horren oinarri diren dokumentuak publiko egin gabe. Jakina denez, Europar Batasunak eta Batasuneko gobernuek baldintzatu egin dute funtsen esleipenean eman beharreko urrats oro, pentsio-erreformen, lan-erreformen eta merkatu-batasunaren edukiak zehazteko.
Halaber, Espainiako Gobernuak esan du urtarrilean argitaratuko dituela Europako funtsak zein proiektutara bideratu nahi dituen.
Aldez aurretik (abenduan), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak proposamena plazaratuko dute, baina Pedro Sanchezen gobernuak hartuko du funtsen gaineko erabakia.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.