2019-07-02 13:43
ELAk salatu du EAJk, PSEk eta PPk akordioa itxi dutela murrizketak areagotzeko, esaterako DSBEan egin nahi dutena (indarrean dagoen legean ezarritakoa baino 244 euro gutxiago).

ELAren ustez, EAJk, PSEk eta PPk akordioa itxi dute murrizteko politikari eusteko; sindikatuak ezker politikoari galdegin dio oposizio argia, alternatibak eta pedagogia soziala landu ditzala. ELAko Azterketa Bulegoko Janire Landaluzek esan duenez, “akordio horren adibide nabarmena da joan den ostegunez Legebiltzarreko batzarrean gertatu zena; PPri esker DSBEaren erreforma tramitatzeko aukera ireki zen, eta hori oso larria da, aldez zein moldez.

Edukiari dagokionez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreforma proiektuaren helburua da prestazioa 2008ko Legearekiko zeharo murriztea; legeak dio DSBEa lanbidearteko gutxieneko soldataren (LGS) %86 izan behar dela (hots, 903 euro 12 pagatan). Landaluzek salaketa egin du: “erreformak LGSaren erreferentzia kendu nahi du, eta 659 euroren zenbatekoa ezarri, hau da, orain aldatu nahi den legea aplikatuko balitz baino 244 euro gutxiago. Gainera, kopuru hori gehienezko zenbatekoa litzateke, lege proposamenaren arabera, eta modu arbitrarioan 455 euroraino jaitsi daiteke; izan ere, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek diotenez, kopuru horrekin bizimodu duina posible baita EAEn... Honek agerian uzten du gobernuaren hipokrisia”.

Bestalde, Mikel Noval sindikatuko Azterketen arduradunak nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuaren ildo nagusiak onartu direlarik, esan daiteke aurrekontua honez gero erabakita dagoela, eta murrizteko politikari jarraipena emango diola”. Eusko Jaurlaritzak dio Aurrekontu-Egonkortasun Helburuak aintzat hartzen ari dela. Novalek azaldu du “Helburu horiek, zeintzuk Jaurlaritzak Rajoyrekin adostu baitzituen, ezartzen dute 2020rako aurrekontua iazkoarekiko gehienez %2,8 gehituko” dela (hau da delako “gastu-araua”). “Beraz, euskal administrazioei ebatsi egiten zaie aurrekontuak erabakitzeko ahalmena, eta murrizketa politikari eutsiko zaiola bermatzen da; bestalde, baztertu egiten da gobernuaren superabit handia arlo sozialetara bideratzeko aukera”. Argi dago Eusko Jaurlaritza eta PP bat datozela aurrekontu ildo hauei dagokienez.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren iritziz “aurrekontuekin eta DSBEarekin gertatzen ari denak agerian uzten du benetako hiruko bat dagoela, EAJk, PSEk eta PPk osatua; politika neoliberaletan eta murrizketa sozialetan bat etortzeaz gainera, haiak hitzartu egiten dituzte”. Beraz, Lakuntzak galdegin die ezkerreko indarrei politika hauen aurkako posizio argia finka dezatela. “Ezinezkoa da aurrekontu sozialak izatea gastu-araua oinarritzat hartuta. Ezkerrak marko hau onartuz gero murrizketen markoa ontzat ematen du, eta negoziatuko duen bakarra izango da zenbateko murrizketa egiten den”. ELAko idazkari nagusiak uste du ezker politikoaren eginbeharra dela aurrekontuen edota DSBEaren erreformaren aurka agertzeaz gainera “bere alternatibak plazaratu eta pedagogia egitea”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.