2019-05-23 13:07
ELAren aburuz egungo errealitatetik abiatuta, eta jakinik EAE guztirako hitzarmen bakarra egitea oso konplexua dela, askoz gehiago aurreratzeko aukera zegoen. Azken asteetako presa medio sinatu den hitzarmenak segurtasun baino zalantza gehiago eragiten du. Sinatutako aplikatuko denik ez da bermatzen.Era honetan, aplikazioari buruzko azken hitza Eusko Jaurlaritzak duela azpimarratu du. Bestalde, ez da aipatu ere egiten Osakidetzako langileekiko parekatze prozesurik.

 

EAEko Anbulantzien Lan-Hitzarmena maiatzaren 23an sinatu da. Negoziazio-mahaia osatu zenetik gaur arte hiru urte igaro eta 65 bilera izan dira. Alabaina, pasa den denborak eta bilera kopuruak ez du esan nahi benetako negoziazioa izan denik. Hiletan, edo areago urtetan, patronalak ez du mugimendurik egin. Harritzekoa da orain, ordezkaritza sindikalean aldaketa nabarmena gertatzen ari denean eta langile askok adierazi dutenean ez daudela ados negoziazio prozesuarekin eta lantzen ari diren edukiekin, hitzarmenaren sinadura presaka egitea, indarrean 2020an sartuko den arren.

HITZARMENAREN EGITURA

Hitzarmen hau eduki eta egiturazko akordioa da. ELA bat dator estatu mailako hitzarmenetatik ahal den eremu guztietan blindatu beharrarekin. Areago, horixe da gure ekintza sindikalaren zati handi batek duen helburua.

Baina egiturari dagokioez hitzarmen honek egungo hitzarmen probintzialak ordezkatzen ditu eta haiekiko lehentasuna ematen dio. Honek zalantzan jartzen du lurralde mailako negoziazio eremuak irekitzeko aukera, gehiengoak hala eskatuko balu. Negoziazio probintziala horrela ukatzea, langileek eremu bakoitzean hautatzen duten gehiengoa aintzat hartu gabe, da hain justu sindikatu estatalei leporatu ohi dieguna.

APLIKAZIO BERMEAK

Lan-hitzarmen honek aplikazioari buruz dituen bermeak ez dira oso argiak. Batetik, 2020ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Baina bestetik, soldata-taula berriak eta, ondorioz, igoera oro, lotzen dituzte esleipenak edo zerbitzuen luzapenak indarrean sartzen diren unearekin. Sektorean badira duela gutxi esleitutako zerbitzuak, edota baldintza-agiriak 2019an indarrean sartuko direnak. Noiz aplikatuko dira soldata-taula berriak?

Halaber, testuak ezartzen du baldintza bat soldata-taulak aplikatzeko, baldintza-agirietan Jaurlaritzaren finantziazioa aurreikustea; beraz, baldintza-agiri bakoitza argitaratzen ez den arte ez dugu jakingo zein soldata-taula aplikatuko den.

Gainera, egungo lan-baldintzak ez dute segurtasun juridikorik hitzarmena (2020ko urtarrilaren 1a) eta soldata-taula berriak indarrean sartzen diren unetik (kontratu administratibo berria edo luzapena, finantziazio nahikoa badu).

Sektorean dauden enpresa txiki batzuk, langile gutxi dituztenak, ez dira hitzarmenaren aplikazio eremuan sartuko, ez daudelako lehiaketa publikoei lotuta.

EDUKIAK

Hitzarmenaren eduki orokorren oinarria da Bizkaian sindikatu bakar batek gutxiengoa zuela sinatutako itun bat (2008/2012). Orduan gehiengo sindikalak txartzat jo zituen edukiak orain EAEko langile guztientzat onak omen dira. Testu horien aurka behin eta berriz jo izan dugu auzitegietan eta Lan Ikuskaritzan, oso lausoak direlako eta enpresak haietaz baliatzen zirelako. Lausotasun hori ez da konpondu; beraz, auzitegietara jo behar izango dugu aurrerantzean ere.

SOLDATA TAULAK ETA EKIPARAZIO PAGA

ELAn badakigu sektore honetan soldata-taula orokorrak egitea zaila dela, hitzarmen eta lan-baldintza oso desberdinak dituzten kolektiboak daudelako. Ondo deritzegu egoera okerrenean dauden eta soldatarik txarrenak dituzten kolektiboentzako igoerei.

Aspaldian gabiltza hitzarmen honekin aurrera eta atzera. Urteak dira kolektibo askoren baldintzak izoztuta daudela. Gure ustez gutxieneko jarrera bat izan behar zen kolektibo batek ere eros-ahalmena ez galtzea, hitzarmenik izan ez den KPIen batura egiterakoan. Baina ez da hala gertatu, kolektibo batzuren kaltetan.

Gure ustez diskriminazio argia eragiten du “ekiparazio paga” delakoak. Atzerakinen ordez proposatzen dute. Hasteko, zenbatekoak ez dira “atzerakinak” adina, eta soilik 2020ko urtarrilaren 1ean lanean ari direnek kobratuko dute. Hau da, ez dute jasoko azken urteetan lan egin dutenek, aldi baterako langileek, etab.

Hitzarmena ez da iristen Osakidetzarekiko langileekiko parekatzeko helburura; areago, ez du aipatu ere egiten. ELAren ustez sektoreko langileek, azpikontratan lan egin zein ez, baldintza berberak izan behar dituzte. Orain Osakidetzak, ELAk deitutako mobilizazioei eta egin dituen eskariei esker, bere langileei “karrera profesionala” ordaindu behar die. Eta diru kopuru handi hauek ez zaizkio gure kolektiboari ordaintzen. Osakidetzarekin parekatzeko aukera galdua izan da hitzarmen hau.

Egungo errealitatetik abiatuta, eta jakinik EAE guztirako hitzarmen bakarra egitea oso konplexua dela, askoz gehiago aurreratzeko aukera zegoen. Azken asteetako presa medio sinatu den hitzarmenak segurtasun baino zalantza gehiago eragiten du. Sinatutako aplikatuko denik ez da bermatzen. Inork ez daki nortzuri eta noiz aplikatuko zaizkien soldata-taulak. Aplikazioari buruzko azken hitza Eusko Jaurlaritzak du. Testuak lausoak dira. Ez da aipatu ere egiten Osakidetzako langileekiko parekatze prozesurik. Zalantzan daude Hitzarmen Probintzialetan hobetzeko aukerak, etab. Horrenbestez, hitzarmena alde guztietatik begiratuta motz geratzen da, eta EAEko delegatuen batzar orokorraren ondoren, ELAk ez sinatzea erabaki du.

ELAk aldarririk justuenaren aldeko borrokari eutsiko dio: Osakidetzako langileekin parekatzea. Lan egingo dugu hitzarmenaren iraupena amaitu aurretik gehiengoak alda daitezen. Halaber, aplikatzeko adostu diren berme urriak ikusirik, mobilizatzen jarraituko dugu gutxienik baldintza hauek bete daitezen.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.