2018-07-24 12:45
ELAren aburuz hitzarmen honek egungo prekarietate eta esplotazio basatia areagotuko ditu Arabako Ostalaritza alorrean. Era honetan, zarama-kategoria berri bat sortu dute, sarbide izenekoa, zerbitzariarena edo sukaldariarena baino 3.100 euro gutxiagoko urteko soldatarekin, sektorean 12 hilabeteko esperientzia ez dutenentzat. Bestalde, igande eta jai egunetako plusa kendu eta kaleratzeak merketuko dituen hitzarmena adostu dute CCOO eta UGTk.

ELA Arabako sektore honetako sindikatu nagusia izan arren, dugun gehiengoak ez du eraginik izango hurrengo negoziazio-mahaia eratu arte. Hala ere, bi patronalek (ASHOVI eta SEA) eta UGT eta CCOO sindikatuek lortu duten akordioa ez sinatzeko izan ditugun hamaika arrazoiak plazaratu nahi ditugu:

1. Ez da ezarri ultraaktibitate mugagabea. EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batean ASHOVI patronalaren fede txarra negoziazioetan frogatutzat jo zen. Eta ultraaktibitate mugagabea jasotzen duen klausularik sartu gabe, fede txar hori bera errepika daiteke hurrengoetan. Horrela, sindikatuek erabili izan duten "gaitz txikiena"ren argudioa betiko zuribide bihurtu da beheranzko hitzarmenak sinatzen diren bakoitzean (lan-baldintzak jaisten dituzten hitzarmenak), eta uko egiten zaio sektorea borroka sindikalerako antolatzeari; eta hori gabe ezin da pentsatu bestelako edukietan.

2. Ez da berreskuratu soldata-izoztaldian galdutako eroste-ahalmena. Oraingo hitzarmenaren sinatzaile berek 2010eko hitzarmena sinatu zuten, eta haren ondorioz galerak izan ditugu eroste-ahalmenean. Eta orain hori bera gertatu da. Orain, hala ere, langileak erreakzionatu direla dirudi, eta sektoreko gehiengoa ELA sindikatuari eman diote. Horrek bere eragina izango du hurrengo negoziazioan, 2020ko azaroan hasiko den negoziazioan. Aurrera begira bi urteko lana izango dugu, gure indar-korrelazioa hobetzeko, eta negoziazio berriari beste ikusmolde batzuetatik ekiteko.

3. Soldatak negoziatzeko "konpromiso" soil bat sartu da, 2020. urterako. Orduan 2017, 2018 eta 2019 urteetako KPIak berraztertuko dira, baina hori betearazteko bermerik ez dago. Gogoratu beharrekoa da oraingo hitzarmena sinatu duten berberek soldata-izozketa sinatu zutela 2011, 2012 eta 2013. urteetarako, "ustezko konpromiso" batekin: 2014an soldata-negoziazioaren abiapuntua urte horietako galera (KPIrekiko) izango zen. Eta hori ez da bete, eta gainera aitzakia hori betiko geratu da. Itundutako soldata-igoera, beraz (%4,05 2019ko abenduaren 31ra arte) ez da nahikoa, metaturiko 7 urte luzeko soldata-izozketaren ostean.

4. Ez da sartu ELAk eskaturiko klausula, lan-erreformaren aurkakoa, hitzarmenean itundutako baldintzak nahierara salbuetsi ez ditzaten. Orain sinaturiko akordioak izugarri okertuko ditu sektoreko lan-baldintzak, eta gainera ez da bermerik sartu, akordioaren edukia benetan beteko den ziurtatzeko.

5. Hitzarmena salbuestearen aurkako klausula ez da sartu laguntza-zerbitzuetako, zerbitzu anitzeko eta outsourcing enpresetan. ELAk klausula hori eskatu zuen, gutxienezkoen akordio bat lortzeko; hori baita bide nagusietako bat hoteletan hitzarmena ez aplikatzeko, eta enplegua prekarizatzeko.

6. Lan-baldintzak are prekarioagoak egin dituzte, Arabako Ostalaritza sektorean esplotazio basatia eta orokortua badago ere. Arabako Lan Ikuskaritzak, ELAren eta beste sindikatuen eskariz, egiten dituen jarduera eta zehapen gehienak Ostalaritza sektorekoak dira. ASHOVI bezalako patronaletako aholkularitza-jarduera gehiena hitzarmena salbuesteko bideei buruzko aholkuak ematea da elkargokide diren enpresentzat, arduradun nagusia Pedro Castellanos izanik. Esplotazioaren biktima nagusiak gazteak, emakumeak eta etorkinak izaten dira. Eta oraingo hitzarmenak babesa eta inpunitatea emango die horrelako legez kanpoko jokabideei.

7. Gaueko lanagatiko konpentsazioa izugarri murriztu da. Praktikan ez da gaueko lantzat hartuko 22:00ak eta 24:00ak bitartekoa. Hori oso larria iruditzen zaigu, eta ELA sindikatuak auzitara eramango du.

8. Igande eta jai-eguneko 31,97 euroko plusa kendu da. Eta horren ordez kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %2ko konpentsazioa jarri da. Diru-kopuru hori ziztrina da, orain arte jasotzen zenaren aldean. Gainera, horrela beheko kategoriak bi aldiz zigortuko dira, eta Araban hain hedatua den iruzur patronala sustatuko da, zeren laguntzaile kategoria orokortuko baita. Igande eta jai-eguneko konpentsazioa sektore honetako lana duintzeko berebiziko osagarria zen.

9. Sinesgaitza bada ere, den sektore delarik, sinatzaileek kaleratzeak merkatzea adostu dute. Kalte-ordainak jaitsi dira kaleratzeetan (arrazoi objektiboetakoa, kaleratze kolektiboa), eta iraupen jakineko kontratuen amaieretan. Horren bidez kaleratzeak sustatuko dira, lan-egonkortasunari kalte egingo zaio, eta sektoreko langileentzat diru-kalte handia izango da. Zeharka enpresen iruzurrezko itxiera erraztuko da, gero berriz irekitzea izan dezaten.

10. Zarama-kategoria berri bat sortu dute, sarbide izenekoa, zerbitzariarena edo sukaldariarena baino 3.100 euro gutxiagoko urteko soldatarekin, sektorean 12 hilabeteko esperientzia ez dutenentzat. Hortik soldata-eskala bikoitzak sortu dira lantokietan, behin-behinekotasuna sustatu, langilerik zaharrenak kaleratzeak areagotu, eta enpresek kategorietan sailkatzean egin ditzaketen iruzur-saiakerak are gehiago erraztu.

11. Patronalak nahi zuen guztia lortu du. Patronalak blokeo antolatuaz eta xantaiaz baliatu dira; izan ere, patronalek beren ordezkaritza egiaztatu gabe, erdizka banatu dute ordezkaritza beren artean (%50), eta horrela patronal biekin aldi berean adostera behartu gaituzte. Erreformaz erreforma lan-arloko legeriak eraso egin dio negoziazio kolektiboaren eskubideari, eta horrelako praktikak babestu ditu. Horrekin batera, sektoreak ez du erakutsi beharko zituen inplikazioa eta borrokarako gaitasuna.

UGTk eta CCOOek orain arte sinatu dituzten hitzarmenen eragin indargabetzailea gaindituz, Arabako Ostalaritzako langileek ELA sindikatuari eman berri dioten gehiengoaz baliatuko gara hurrengo urteetan gure lurraldeko lan-gehiegikeriei aurre egiteko, eta gure ordezkaritzapeko jendearengan erreferentzia bat, kontzientzia bat eta itxaropen bat sortzeko, orain arte izan ez dutenak. Horrela, hurrengo negoziazioan benetako aukerak izango ditugu SEA eta ASHOVI patronalen diru-goseari ezetz esateko, eta gure lan-baldintzak duinduko eta berreskuratuko dituen hitzarmen bat lortzeko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.