2018-03-09 14:37

Siemens-Gamesako ELA-ordezkariek ez dute sinatu enpresaren enplegu-espedientea, Borondatezko Irteeren eta Aurre-erretiroen Plana antolatzen duena. ELA Atal Sindikalak buru egin dio prozesuari helburu batez: irteerak baldintzarik hoberenetan gertatzea, beti ere borondatezkoak izatea bermatuz, eta batez ere multinazionalean geratuko den plantillaren etorkizuna bermatuz.

Negoziazioan barna Siemens-Gamesako Zuzendaritzak uneoro ziurtatu du ez duela kaleratze traumatikorik gauzatuko Negozio Planaren barnean (2018-2020), baldin eta borondatezko irteerak enpresaren beharrizanei erantzuteko adinakoak badira. Eta baldintza hori bete da, zeren 222 lankidek atxiki diote borondatez irteera-planari. Enpresaren baldintza hori bete arren, enpresak ez du hitzemandakoa gorde, ez baitu enpleguaren bermea bete.

ELA Atal Sindikalak hasieratik jarri du zalantzan enpresaren doikuntza-beharrizan hori, eta Alemaniako eta Frantziako lankideek dituzten baldintzen antzerakoak eskatzen ahalegindu da Nafarroako eta EAEko lantegietako langileendako ere. Hau da, gutxienez hiru urtetan kaleratze traumatikorik ez egiteko konpromisoa enpresari ateratzen saiatu gara. Konpainiaren 2018-2020 urteetarako Negozio Plana aurkezteko ekitaldian etorkizunari buruzko oso ikuspegi baikorra azaldu zuten, murrizketa gehiagoren beharrik ez zela egonen ziurtatuz, baina hala ere ez ziren gauza izan enplegua 2020. urtera arte bermatzeko.

Akordiorik lortu ez bazen ere, ELA Atal Sindikalak ontzat hartu du Gamesako langileek emandako erabateko erantzun zabala; izan ere, horri esker enpresak bere EEEa erretiratu behar izan zuen azaroan, Nafarroan eta EAEn 150 lankide modu traumatikoan kaleratzeko helburua zuena. Gamesako langileen antolamendua eta irmotasuna nahikoak izan ziren enpresa negoziatzera behartzeko, eta borondatezko irteerak eta aurre-erretiroak adostu behar izateko.

Aldiz, ELA-ordezkariak oso kritiko agertzen dira enpresarekiko, enplegua 2020ra arte ez bermatzeagatik, nahiz eta pertsonala murrizteko helburua borondatezko irteera-kopuruarekin gauzatzea lortu. Orobat, ELA Atal Sindikalaren ustez enpresak gogoeta kritikoren bat egin beharko zuen bere kudeaketari buruz. Izan ere, hainbat lankidek borondatez alde egin nahi izatea oso adierazgarria da, enpresak gauzak ongi egiten ez direla seinale garbia. Bertzalde, gertaturikoak ELAren kritikak egiaztatu ditu; alegia, Siemensek Gamesa xurgatu izanari buruz, eta 2018ko irailera baino urrunago begiratzeko ahalmenik ez izateari buruz egindako kritikak.

Azkenik, ELA Atal Sindikalak bere konpromisoa berretsi du, plantillaren egonkortasunaren eta etorkizunaren aldeko borrokan jarraitzekoa.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.