2018-09-19 13:28
Gasteizen izan den Mahai Orokorraren bileran ELAk ez du onartu Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak egin duen proposamena, hain zuzen aurreko astean Josu Erkoreka bozeramaileak ezagutera eman zuen berbera. Gasteizko gobernuaren proposamenak bere egiten du PPk UGT, CCOO eta CSIF sindikatuekin, 2018ko martxoan, egindako akordioa; honek babesa eman die austeritate-politikei, eta ez ditu indargabetu sektore publikoan azken urteetan hain ondorio larriak ekarri dizkioten dekretuak.

Proposatu duten soldata-igoera, erabat eskasa izateaz gain, Estatuak onartzen dituen mugetatik behera geratzen da. Gainera, KPIarekiko ez du inolako erreferentziarik ezartzen; indize honen inguruko aurreikuspenak betez gero, berriz ere galera ekarriko dezake eros-ahalmenean. Antzeko igoerak eginez gero, 30 urte baino gehiago beharko dira azken urteotan EAEko administrazio publikoetako langileek galdu duten eros-ahalmena berreskuratzeko (%15).

Itzarriri dagokionez, proposamenak BGAErako ekarpenetan murrizketak mantentzen ditu; 2011ra arte gobernuaren ekarpena %3koa zen. Jaurlaritzaren eskaintza adar jotzea da; areago, kontutan izanik 2012 eta 2017 bitartean Itzarrirako ekarpenik ez duela egin.

Enpleguaren arloan Jaurlaritzak ez du ezer aipatu; hau oso larria da, eremu honetako aldi baterako enplegu tasa %35tik gorakoa delarik.

Gaixotasun-bajetan lansarien %100 berrezartzeko Jaurlaritzaren erabakiari dagokionez, murrizketa hori Patxi Lopezen gobernuak ezarri zuen, eta ez zen inoiz aplikatu behar izango, herri-langileei zein zerbitzu horien herritar jasotzaileei eragin dizkien ondorio larriengatik.

ELAK Eusko jaularitzari eskatu dio negoziazio kolektiboko eskubidea berrezartzea eta benetazko negoziazioa bat irekitzea, azken urteotan galdutako eroste-ahalmenaren %15 berreskuratzeko, eta enplegu arloko akordioak lortzeko. ELA rentzat premiazkoa da sektore publikoan dagoen behin-behineko enplegu prekarioarekin amaitzea, egoera horretan dauden milaka behin-behineko langileren postuak finkatuz. Eskatzen dugu ere azken urteotan murrizturiko gainerako lan baldintzak lehengoratzea. ( itzarri, garapen profesioanla, erretiro primak, errelebu kontratua etab)

Bestalde, Josu Erkoreka lehendakariordeak iragarri duen asmoa, administrazioko langile guztiei kode etikoa ezartzea, adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria da eta behargin publikoen izaera bera zalantzan jartzen du, erabakiak hartzerakoan ezinbestekoa baitute objektibotasuna eta independentzia. Kode etiko hori serbilismoa eta klientelismo politikoa sustatzeko tresna besterik ez da. Beraz, gaurko bileran Jaurlaritzari eskatu diogu proposamen hori berehala erretira dezala.

Azkenik, ELAk mobilizazioari eutsiko dio Jaurlaritzak bere austeritate politikak alde batera utz ditzan eta Enplegu Publikoaren legegai hau aurrera atera ez dadin, ondorio larriak izango bailituzke hala arlo publikoan diharduten langileentzat nola oro har euskal herritarrentzat.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.