2019-06-13 13:23
Amazonek iragarri du datorren ekainaren 20an lanean hasiko dela Ezkerraldeko bere planta logistiko berria. Honetaz gainera, Costco multinazionalaren saltoki handi bat irekiko da, Bricomar denda hedatuko da, Max Centerreko aisialdi gunea zaharberrituko da, etab. Ezkerraldean merkataritza gune handiak hedatzen ari dira. Hamaika bider salatu du ELAk desindustrializazio politika, aspaldidanik datorrena, eta zerbitzuen sektorearen hazkundea, zeinaren ikurra diren soldata kaskarrak, desarautze orokorra, lanaldi partzialeko kontratuak eta, finean, prekaritatea, batik bat gazte eta emakumeei egiten zaizkien kontratu berrietan.

Saltoki handien zabalkunde, zaharberritze eta irekitze olde berri hau lan erreformen ostean prekaritatea inoiz baino larriagoa den unean dator: lan egiteko modu berriak ezarri dira, lan harreman mota berriak ezarri ere, beti ere, lana deshumanizatzeko eta pertsonei oinarrizko lan eskubideak kentzeko.

Amazonen eredua da horren adibide argia. Azken urteetan multinazional honen lantegietan gertatu diren egoera larrien berri izan dugu behin eta berriz. Etekinak lortzeko soldata txarrak ordaintzen ditu, lanorduen kontrola oso zorrotza dago (norbere beharretarako atsedenaldirik ere eman gabe), lan karga ezin astunagoak, lanaldi amaiezinak, etab. Bere eskema orokorrean Amazonek lan harreman mota ezberdinak ditu, eta langileak hiru multzo handitan banatzen ditu; guztiak ere prekarioak.

Hasteko, bere plantilla du aipatutako baldintzen pean. Bigarrenik, ABLEek lagatako langile portzentaje altua; hauek aurreko arazoez gainera egunetarako edo ordutarako kontratuak pairatzen dituzte. Bi kolektibo hauek dute biltegi logistikoaren ardura. Hirugarrenik, eskariak banatzen dituzten beharginak. Kasu honetan Amazonek sasi-autonomoekin lan egiten duten plataforma bidez eramaten ditu erosketak etxeraino; eskari bakoitza ez da euro bat ere ordaintzen. Glovo edo Deliverooren eredu berbera, prekaritatea medio hain ezaguna; Amazonek langile hauei “partner” deitzen die.

Multinazionalak saiatuko dira inguruko jendeak dituen beharrari etekina ateratzen, hemen baitago Euskadiko langabezia tasarik altunea; horrela enplegu guztiz prekarioa sortuko du, erakundeek alfonbra gorria zabaltzen dieten artean. Bitartean, bertoko dendak gero eta egoera okerragoan daude.

Instituzioek, batez ere Eusko Jaurlaritzak, ateak ireki dizkiote jendearen egoera larriaz baliatzen den enpresa-eredu honi, horrela ezar baititzakete lan baldintza prekarioak eta esplotazioa. Erakundeei eskatzen diegu alde batera utz dezatela orain arteko politika hau eta lan eredu hauei aurre egin diezaietela, horretan beren esku diren bitarteko eta eskuduntza guztiak jarriz, baita Lan Ikuskaritza ere.

ELAk ez du onartuko inongo enpresak eredu prekarioak ezartzerik, eta langileen esku egongo da haren aurka antolatu eta borrokatzeko aukera izan dezaten.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.