2020-10-13 12:38
Enpresak ez du egiaztatu inolako kaleratzerik egin behar denik negoziazio-mahaian aurkeztutako dokumentazioarekin, eta, beraz, ELAk ez du beharrezkotzat jotzen enplegu-erregulazioko espedientearekin aurrera jarraitzea. Negoziazio-bileran enpresak eman dezakeen erantzunaren zain, Enpresa Batzordeak 3 greba egun deitu ditu urriaren 14, 15 eta 16rako.

Duela ia hilabete hasi zen ITP SAUn kaleratze kolektiboa negoziatzeko prozesua. Ordutik, langileek sei greba egun eta hainbat mobilizazio egin dituzte euren haserrea adierazteko, baina enpresak aurrera jarraitzen du Zamudion 194 langile kaleratzeko asmoarekin. Planteamendu horren oinarrian teorian dauden arrazoiak antolaketa- eta produkzio-arlokoak dira. Hala ere, ITP SAUk ez ditu behar bezala egiaztatzen arrazoiak: ez du hori justifikatzen duen frogarik aurkeztu, eta bere planteamenduaren oinarri diren etorkizuneko aurreikuspenak oso epe luzekoak dira.

Negoziazioaren hasieratik, ELAk serioa izateko eta bere planteamendua justifikatzeko eskatu dio enpresari; izan ere, 194 lanpostu suntsitzea drama bat da langileentzat. Joan den astean, ELAk lan-karga txikiko egoerari aurre egiteko proposamena aurkeztu zuen. Proposamen horrek enplegu guztiak mantentzearen (kontratu mugagabeak eta aldi baterakoak) eta enpresak irailaren erdialdera arte aplikatu dituen erretiro aurreratuen planarekin jarraitzearen alde egiten du, eta ERTE bat eta hitzarmen kolektiboak ahalbidetzen duen lanaldiaren malgutasunerako aukera konbinatzea planteatzen du. ELAk badaki bere proposamena guztiz onargarria dela enpresarentzat, eta, aldi berean, enpleguari eusten diola eta enpresaren jarduerari baldintza hobeetan jarraitzeko aukera ematen diola.

Zazpigarren negoziazio-bileran enpresak eman dezakeen erantzunaren zain, ELA beste astebeteko mobilizaziorako prestatzen ari da. Enpresa Batzordeak 3 greba egun deitu ditu urriaren 14, 15 eta 16rako.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.