2018-08-28 13:02
Multinazionalak neurri hori justifikatzeko arrazoirik ez du aurkeztu; bere plangintzaren akatsari aurre egin diezaioke urtero lortzen duen etekinekin

ELAk ez du onartzen VW Navarra-k bere langile guztiontzako aurkeztutako EEE, bere hornidura-plangintzaren akatsari aurre egin nahi diolako langileen soldata eta diru publikoa erabiltzen.

VW Navarra-k ekoizpena zortzi egunez gelditu nahi du, baina aldi berean aparteko orduak gora doaz eta behin-behineko kontratazioa betikotzen ari da. Azken finean, EEE indarrean jartzea ez dator bat aurreneko baldintzekin, kontrajarria delako. Gainera, horrelako neurri traumatikoak ez daude justifikaturik. Arrazoi horiekin EEE onartzea larria da eta aurrekari oso arriskutsua izan daiteke etorkizunari begira, nahiz eta soldatak %100ean bermatuak baleude ere. Gauzak horrela, ELAk Lan Ikuskaritzara jotzeko asmoa du EEE honen inpugnazioaren prozesuari hasiera emateko.

VW Navarra-k ez du formalki EEE justifikatu. Ez du azaldu zergatik sartzen dituen langile guztiak, balizko arrazoien (ekoizpen-katearen hornitzeko arazoak) ondorioak pairatzen ez dituzten pertsonak barne. Gehegizko neurria da, ezbairik gabe. Azken finean, VW Navarra-k langile guztien zortzi eguneko soldata aurreztu nahi du, diru publikoaren kontura (1,5 milioi, gutxi gorabehera). Bere helburu bakarra da etekin pribatuei eustea (iaz, 55,9 milioikoak, 10 eguneko itxiera ordaindu bazituen ere).

ELAk ez du EEE beharrezkoa ikusten, beste alternatibak daudelako. Are gehiago, egoera honetan EEE aplikatu nahi duen lantegi bakarra VW Navarra da (Seat-Martorellen, adibidez, lan jardunaldi bereziak eta asteburuak bertan behera geratuko dira).

Landaben, jardunaldi hauek formazioa emateko edo balio-aniztasunak sortzeko (T-Cross ekoitzeari begira) erabil daitezke. Bestetik, ekoizpenaren erritmoa moteldu daiteke (txandak ala larunbatak kentzea...), hornidura eta ekoizpen-katea guztiz egokitu arte. Neurri hauek ezartzeak EEE sahiestea ekarriko luke.

Beste aldetik, EEE honen aplikazioak behin-behineko langileei kalte handia sortuko die (kontratuaren amaieran, langabeziaren ordainsaria kobratzeko eskubidea galduko lukete askok). Beraz, langile hauek EEEtik kanpo egon beharko lukete. Gainera, EEE honek neurri traumatikoak sortuko dizkie Landabengo enpresa hornitzaileen langile askori.

Nafarroa, 2018ko abuztuaren 28an

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.