2018-07-27 11:02
Akordioak ez dio heltzen oso prekarizatuta dagoen sektorearen arazorik larrienari: enpresa gehienek ez dute hitzarmenik aplikatzen.

Gaur UGTk, CCOOek eta patronalak akordio bat lortu dute, Eraikuntza Hitzarmena 2017 eta 2018 urteetarako sinatzeko. Gaur egun Eraikuntza Hitzarmenaren arazo nagusia eguneroko praktikan erabiltzen ez dela da. Alde horretatik, akordio berrian ez da klausula berririk sartu, egoera zuzentzeko, eta aplikazioa ziurtatzeko.

Bertzalde, akordioa lotsagarria da soldata-arloan, zeren UGTk eta CCOOek, erantzukizunaren izenean, uko egin diote 2017 eta 2018an soldatak berrikusteari. Akordioak honela dio hitzez hitz: "Sektoreak dituen berebiziko zailtasunak kontuan hartuz, eta eragile sozialoi dagokigun erantzukizuna geure gain hartuz, negoziazio-alderdiok hitzartu dugu 2017 eta 2018 urteetan ez dela soldata-igoerarik egonen".

ELAren iritziz, soldata-berrikuspenari uko egitea, eta batez ere uko egite hori zuritzeko modua, ideologia-mailetan behera egitea da UGTren eta CCOOen aldetik; are gehiago kontuan hartzen badug gure sektorean 2017tik goiti enplegua sortzen ari dela. Nafarroan lorturiko akordioa eta Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmena, arestian sinaturikoa, oso bertzelakoak dira; Gipuzkoan ELAk gehiengo osoa duelakotz. Izan ere, Gipuzkoan erdietsi diren soldata-igoerak KPI+%0,4 eta 500€ linealak izanen dira 2018, 2019, 2020 eta 2021. urteetan. Gainera, Gipuzkoako Hitzarmenean azken lan-erreformen alderdirik zakarrenak indargabetu dira, eta hitzarmenaren aplikazioa bermatu.

ELAren ustez akordioaren edukia deitoragarria da. Eta are deitoragarriagoa da kontuan hartzen badugu gure sektorea lan-merkatuko sektorerik prekarioenetarikoa dela, non lanaldi amaiezinak eta zapalkuntza-egoerak ugaltzen diren. Azkenik, ELAk sektoreko langileak bultzatzen ditu nor bere lantokian bideak antolatzera, lan-baldintzak duintzeko moduko enpresa-mailako hitzarmenak lortze aldera.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.