2019-10-10 09:49
Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzak Euskaltel pribatizatzera eta ondorengo desinbertsiora eraman zutela salatu du ELAk behin baino gehiagotan. Ondorioz, azpegituraren salmenta geldierazteko neurriak hartzea bi erakunde hauei dagozkiela adierazi du.

 

Joan den ekainean ELAk ohartarazi zuen Zegona Euskaltelen sartu zela bi helburu argirekin: kostuak murriztu eta etekinak puztea. Sindikatuak salatu egin zituen zuzendaritza berriak erabaki zituen kaleratzeak (aurrez ere lanpostuak amortizatzen ari baziren ere), eta Eusko Jaurlaritzari galdegin zion esku har zezala, baina hau ez zen gertatu.

Orain jakin dugu Zegonak zuntz optiko sarea saldu nahi duela. Hau gertatuz gero oso larria litzateke, azpiegitura hori baita Euskaltelen aktiborik nagusienetakoa. Eta ezin dugu ahaztu konpainia hau diru publikoari esker sortu zela.

Ez dago zalantzarik Zegonaren asmoen inguruan. Euskaltelek 2018ko ekitaldian 92 milioi euro irabazi arren, edozein funts putreren jokabide bera du: Etekinak maximizatzea, kosta ahala kosta. Kontua da nork eragotzi dezakeen hori Euskaltelen, gure herrian enpresa oso garrantzitsua eta estrategikoa izanik. ELAren ustez hori egin behar dute enpresa pribatizatzera eta ondorengo desinbertsiora eraman zuten erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek. Ez dago aitzakiarik.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.