2020-09-02 14:11
ELAk adierazi duenez, Espainiako Gobernuak koronabirusa dela eta isolatuak izan behar duten adingabeak zaindu ahal izateko baja ordaindua (gaixotasun-agiria) seme-alabak PCR proban positibo ematen duten gurasoei bakarrik ematea “justifikaezina” da. Gainera, sindikatuak uste du gaixotasun-baimena baino, baimen ordaindu berezi bat ezarri beharko litzatekeela; hau da, haurrak bakartu behar diren kasu guztietan gurasoek baimen ordainduak eskuratzea exijitzen du ELAk.

Espainiako Gobernuak iragarri berri du soilik positibo eman duten haurren gurasoek izango dutela hura zaindu ahal izateko baja hartzeko aukera. Diagnostiko negatiboa duten bakartutako haurren kasuan, ordea, ez zaie gurasoei gaixo-agiririk/bajarik emango. ELAk salatu duenez, modu honetan, haur horiei zainduak izateko eskubidea ukatu egiten zaie, baita gurasoei enplegua eta zaintza bateratzeko eskubidea ere. Gainera, gaixotasun-baimena baino, baimen ordaindu berezi bat ezarri beharko litzatekeela dio. Gauzak horrela, haurrak bakartu behar diren kasu guztietan gurasoek baimen ordainduak eskuratzea exijitzen du.

Sindikatuaren ustez, Gobernuak egin duen ezberdinketa hau ez dago justifikatuta. Izan ere, etxean bakartuta geratu behar den haurrak zaindua izateko premia izango du, PCR-aren emaitza negatiboa bada ere. 

ELAk gogorarazi du osasun-krisia hasi zenetik isolamenduan dauden adingabeen edo gaixoen zaintza nola kudeaketa eztabaida sakona izan dela, bai gurasoak, bai gizartea, oro har, kezkatzen duen gai sakona, hain zuzen ere. Izan ere, pandemiak lehen ere gure gizartean pil-pilean zeuden beste krisi batzuk argitara atera eta indartu ditu, besteak beste, zaintzen krisia.

"Horrek guztiak aspalditik hainbat eragile sozial eta sindikal aldarrikatzen ari garen aldarrikapen batera garamatza: premiazkoa da zaintza sistema errotik aldatzea".

Gogorarazi dutenez, uztailean sindikatuak hainbat neurri zehatz proposatu zituen helburu horretarako, 'Krisiaren irtenbidea feminista izango da!´  dokumentua argitaratuz. Besteak beste, lanaldia murriztea eskatzen zuten, bai eta ordaindutako baimenak, prestazioak edo zaintzarako malgutasun-neurriak ere.

"`Bizitzak erdigunean jartzea' ez da esaldi hutsa, benetako edukiz bete beharreko premisa baizik. Eta gaur, berriz ere, zaintza eskubidea bermatzea eskatzen diegu gobernuei ", azpimarratu dute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.