2020-01-22 15:48
ELAk eutsi egingo dio grebari kirol-lokal eta -zelaien sektorean, izan ere, negoziatzeko tartea badagoela uste baitu. Sektore honetan prekaritatea definitzen duten ezaugarri guztiak biltzen dira: lanaldi partzialeko kontratazioa (sektorean diharduten gehienak era honetako kontratua dute), lanaldi osoa izanagatik 1.200 eurotik beherako soldatak, gehiegizko lanaldia (urtean 1.710 ordu) lan fisiko gogorra eskatzen duen arloan... Egia da patronalaren proposamenak aurreko negoziazioekiko aurrerapauso handiak jaso dituela, ELAren aldarrikapen plataforman zeuden puntuak aintzat hartuta: lanaldi jaitsiera ona (50 ordu), klaseak prestatzeko orduen plusa, kalkulurako antzinatasuna soldata erreal gisa berreskuratzea, KPIz gaindiko soldata igoerak... Haatik, oraindik ere 1.200 eurotik beherako soldatak egongo lirateke, eta Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun sindikatuon aldarrietako bat da soldata gutxienez 1.200 eurokoa izatea. Bestalde, ez da aipatzen lanaldi partzialeko kontratuak hobetzeko aukerarik. Patronalak ez du bermatzen sinatutako hitzarmena betetzea enpresek salbuespena aplikatu nahi badute, ez eta enplegua ziurtatuko denik kontratak erreskatatuz gero.

Gainera, langile gehienak udal kiroldegitean ari dira beharrean; hots, administrazioak azpikontratatutako beharginak dira, eta ondorioz, ardura politikoa argia da kolektibo honen prekaritatearekiko: finantziazio publikoak eragiten du lan baldintzetan, enpresak bitartekari hutsak baitira. Esaterako, Bilboko Udalak kolektibo honen zati handi bat baldintza prekarioetan dauka azpikontratatuta. ELAk alderdi politikoei dei egiten die lan-baldintza eta soldata duinak berma ditzaten.

ELAren iritziz atzo CEBEKek zabaldu zuen oharra onartezina da; patronalak negoziazioa itxi nahi du eta har ditzakeen neurriez ohartarazi du. Greba egoera bat, non alderdiak negoziatzera behartuta dauden, ez da zubiak lehertzeko une egokia. Enpresak gonbidatzen ditugu euren jarrera alda dezaten eta saia daitezen sektorerako eragin orokorreko lan-hitzarmen bat egiten, zeinak enpresa guztiak derrigortuko dituen eta enpresa piratei sarrera galaraziko dien.

ELAk, sektorean gehiengo absolutua duelarik (54%), sindikatu bakarra izanik eragin orokorreko hitzarmena sinatzeko ahalmenarekin, arbuiatu egin du enpresek erreferendum bat sustatzea sektoreko gutxiengoa ordezkatzen duten sindikatuen bidez. Kontsulta horren helburu bakarra da greba eta mobilizazioa indargabetzea; alabaina, plantillak mobilizatzea erabaki du, areago kontutan izanik euskal gehiengo sindikalarentzat 1.200 euroko gutxieneko soldata funtsezko eskaria dela.

ELA harremanetan jarriko da alderdi politikoekin udaletan -hasteko, Bilbon- mozioak aurkez ditzaten, kirol kudeaketaren azpikontratetan prekaritatea desagerrarazteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.