Era berean, ELA-ordezkariek eskatu diote Eusko Jaurlaritzari sektoreko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatzeko, eta negoziazio-mahaiaren ardurapeko negoziazio-gaiak Jarraipen Batzordera bidaltzeari uzteko, jokabide hori erabat antidemokratikoa eta askatasun sindikalen eta negoziazio kolektiboaren aurkakoa baita.
ELAko ordezkariek beren agerraldian salatu dutenez, Eusko Jaurlaritza 2009tik hona krisiaren aitzakiaz baliatu dela zerbitzu publikoak, orokorrean, eta hezkuntza publikoa, zehazki, deskapitalizatzeko; eta horrek ondorio larriak eta murrizketak ekarri dizkio hezkuntza publikoari.
Zehazkiago, hurrengo hauek dira ELAren salaketak:
*Hezkuntza Sailak muturreko ratio politika aplikatzen jarraitu du. %9,1eko ratio gehikuntza mantendu da, eta ondorioz 1846 lanpostu gutxiagorekin funtzionatzen dute ikastetxeek.
*Behin-behinekotasunaren maila ikaragarriak mantendu dira (%28-%38 eta %65-%70 artekoa sektoreen arabera), aldarrikatutako %6tik oso urrun.
*Eros-ahalmenaren galerak %8 eta %15 bitartekoak dira.
*Aniztasuna eta hezkuntzaren beharrizan bereziak ondo lantzeko baliabide nahikorik gabe gaude oraindik ere.
*Erretiroa errazteko neurrien murrizketak beren horretan jarraitzen dute (erretiro primak, jubilazio aurreratua).
*Hezkuntza-erreformek dakartzaten hezkuntzaren zentralizazioa, ideología atzerakoia eta hezkuntzaren merkantilizazioa ez dira eten (LOMCE-Heziberri).
*Euskararen zabaltzea eta erabilera hizkuntza-ereduen bidez mugatuta dago.