2020-10-19 16:00
Espainiako Gobernuak langile publikoak MECUIDA Planetik kanpo utzi dituenez, ELAk premiazkotzat jotzen du telelana ahalbidetzea horretarako aukera ematen duten lanpostuetan eta baimen ordaindua ezartzea Osakidetza, Hezkuntza, Ertzaintza, Autonomia, Justizia, Erakunde Autonomo eta Sozietate Publikoetako langileei, bai eta Toki eta Foru Administrazioko langileei ere, COVID-19agatik isolatuak dauden senideak zaindu ahal izateko.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eta udal eta foru-erakundeei eskatu die langile publikoei baimen ordaindua ematea, baldin eta langile horiek beren kargura bakartu beharreko pertsonak badituzte. Gogorarazi du Estatuko Gobernuak berriki adierazi duela MECUIDA Plana 2021eko urtarrilaren 31ra arte egongo dela indarrean. Bertan, antolamendu-neurri alternatiboak ezartzen dira eta, bereziki, urrutiko lanak lehentasuna izan beharko duela aipatzen da. Era berean, ezkontideari, izatezko bikotekideari edo bigarren mailarainoko odolkidetasuneko ahaideei arreta emateko langilea bertan egotea beharrezkoa den kasuetan, langileak lanaldia egokitzeko eta/edo murrizteko eskubidea izango du.

Baina Estatuko Gobernuaren plana, nahikoa ez izateaz gain, baztertzailea dela dio ELAk, bere neurriak ez baitzaizkie langile publikoei aplikatzen. Hori dela eta, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Eudeli exijitu die berehala eman diezaietela langile publikoei zaintzarako baimen ordaindua.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek sindikatuak egindako eskaerari erantzun gabe jarraitzen dutela eta neurri hori eztabaidatzeko Mahai Orokorra aktibatu gabe jarraitzen dutela salatu du; beraz, egindako eskaera berretsi du ELAk eta gogorarazi du baimen hori Nafarroako Gobernuak eman duela orain dela hilabete, sindikatuak egindako eskaeraren ondoren.

ELAren ustez, mendekotasuna duen edozein pertsonaren zaintza bermatu egin behar da, eta zaintzeko eskubidea eta zaintzeko beharra ez dira soilik PCR positiboa duten kasuetara mugatzen. "Gure ustez, bereizketa hori ez dago justifikatuta, isolamendua osasun-irizpideen araberakoa baita. Beraz, ordaindutako baimen berezi bat ezartzea eskatzen dugu ".

Gogorarazi du, osasun-krisia hasi zenetik, COVID-19 dela eta isolamenduan dauden pertsonak edo gaixoak nola zaindu eztabaidaren muinean izan dela gizartean. Izan ere, pandemiak beste krisi batzuk atera ditu argitara, are intentsitate handiagoarekin, gure gizartean lehen ere ezkutuan zeuden beste krisi batzuk, besteak beste, zainketen krisia.

Hori horrela izanik, diskriminazio-egoerak saihesteko, eta EAEn gaur egun bizi den larrialdi egoeraren aurrean, ELAk irailaren 18an Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta udaletako eta hiru foru aldundietako arduradunei egindako eskaera berretsi du:

  • Etxetik lan egiteko aukera ematen duten lanetan aukera hori lehenestea.
  • Sektore hauetako langileentzako baimen ordainduak, beren kargura bakartu beharreko pertsonak dituztenean.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.