2020-05-19 16:19
ELAk idatziz eskatu dio Funtzio Publikoko sailburuordeari, lana eta familia bateragarri egiteko baimen ordaindua onartzeko, bai Administrazio Orokor Autonomoan edota Justizian beren lanpostuetara itzultzen ari diren langileei, bai pandemian zehar aurrez aurre lan egin behar izan duten Euskal Funtzio Publikoko gainerako langileei, hala nola Osakidetzari, Ertzaintzari eta abarri ere.

Gaur egun, EAEko Administrazio Autonomo Orokorreko zein Justizia-arloko langileek salbuespenezko baimen ordaindua dute, beren ardurapean adingabeak - 14 urtetik beherakoak Administrazio Orokor Autonomoan- edo mendekotasundun adinekoak badituzte. Baimen ordaindu hori ez zaie onartu Jaurlaritzak datorren astelehenean lantoliratu nahi dituen Osakidetzako, Ertzaintzako edo Hezkuntzako milaka langileei,  ezta Mahai Orokorrak zuzenean edo zeharka eragindako gainerako langileek ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk sailburuordeari eskatu dio Euskal Funtzio Publikoaren eremuko kolektiboen artean gertatzen den diskriminazio-egoera horri azkena eman diezion, eta onar dezala ordaindutako baimen hori kolektibo guztientzat, Nafarroako Administrazio Orokorrean gertatzen den bezala, horrela milaka euskal langileri lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko.

Egiazko inplementazioa egiteko eta sektore bakoitzaren ezaugarriak kontuan har daitezen, ELAk eskatu du dagozkion mahai sektorialak deitzeko, horiek aplikatzeko baldintza zehatzak adostu daitezen Mahai bakoitzean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.