2020-11-13 12:15
2021 Estatuko aurrekontu proiektutik, LOMLOE lege proiektutik zein EPE eredu zein prozesuak arautzen dituzten arauetatik gure Hezkuntza eskuduntzak oztopatzen dituzten aurreikuspenak bertan behera uzteko eskatu zuen ELAk izandako Estatu Espainiarreko Irakasle Funtzionarioen mahaian.

Azaroaren 11n Espainiar Estatuko Irakasle Funtzionarioen mahai sektoriala izan zen. Bertan aurkeztutako gai ezberdinen aurrean, ELAk Euskal Herrian gure Hezkuntza sistema propioa eraiki ahal izatea ekidin dezaketen oinarrizko arau zein legeetako aurreikuspenak bertan behera uztea galdegin zion Hezkuntza ministeriori.

LOMLOE Hezkuntza lege proiektua. ELAk ongi irizten dio LOMCEren alderik okerrenetako batzuk bertan behera uzteko asmoari (errebalida edo azken ebaluazioak, Estatuaren esku zegoen curriculumaren zabaltzea, hizkuntza koofizialetako murgiltze ereduen debekua, DBHko 3. mailatik ikasleak segregatzea, erlijio eta balio etiko eta zibikoen ikasgaien trataera eta aintzatespena, eskoletako parte hartze demokratikoa eta eskola-kontseiluen eskumenak mugatzea, edota ikastetxe pribatuen mesedetan ezarri zen planifikazioaren desarautzea esaterako); Haatik, onartuko balitz ere, erreforma honekin soilik LOMCE ezarri aurreko egoerara itzuliko ginateke, esaterako eskumenen inbasioari dagokionez, azken urteetan aplikatzen ari den murrizketa politiketan ez luke eraginik izango eta ez luke zuzenduko jada LOEn ageri den hezkuntzaren merkantilizaziorako joera ere.

Sindikatuak salatzen du adibidez, curriculumaren edukien zati handi bat zehaztea, titulu akademikoak lortu, agiriak eman eta homologatzeko eskubidea edota unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen oposaketa sistema ere Espainiar Gobernuak inposatzen jarraituko lukeela.

2021erako Estatuko aurrekontu proiektua. Euskal Herriak aurrekontu politika propioak erabakitzeko, eta ze zerbitzu publikoak behar eta nahi dituen erabakitzeko eskubidea izan behar du; EAEko zein Nafarroako agintariek neurri murriztaileak eta neoliberalak aplikatzeko justifikazio gisa erabiltzen dituzten estatuko injerentzia mugatzailerik gabe. ELAk, gure eskumenak mugatzen eta baldintzatzen dituen aurrekontuen egonkortasunerako legediak ezarritako gastu araua, defizit muga, edota zorraren ordainketa lehenesteko betebeharra bezalako arauak bertan behera uzteko exijitu du gaurkoan ere.

Enplegua Zerbitzu publikoetan orohar eta Hezkuntzan bereziki. Euskal Herriko Zerbitzu publikoetan orohar, eta Hezkuntzan bereziki dauden langile-beharrak, EPE sistema, hauen ezaugarriak zein eredua erabakitzeko gaitasuna errespetatu beharrean, Espainiako Estatuak birjarpen-tasak zehaztearen, zein daukagun behin behinekotasun maila ikaragarria mantentzea suposatzen duten EPE sistema eta ereduen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Hezkuntza publikoan daukagun behin behinekotasun maila onartezinarekin amaitzeko- %40 ingurukoa EAEko eta Nafarroako irakasle funtzionarioen artean- ezinbestekoa da muga hauek gaindituz, milaka behin behineko langileren egonkortasuna ekarriko duen bermedun kontsolidazio prozesuak abian jartzea.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari beraien Hezkuntza eskuduntza osotasunean defenda dezatela, eskuduntza horiek mugatzen dituzten Estatu Espainiarreko oinarrizko arauak babestu zein aitzakiatzat erabiltzeari utz ditzatela gure Hezkuntza ahultzeko eta gure Hezkuntza sistemaren beharrei erantzun diezaiotela eskatzen diegu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.