2020-05-20 17:02
Covid19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde akademiako profesionalek bultzatzutako manifestua da. Dagoeneko Euskal Herriko 160 eragile baino gehiagok sinatu dugu manifestu hau. Krisi honetatik irteera iraunkor eta sozial bat izateko irizpideak batzen ditu.

Euskal Herriko zein kanpoko unibertsitate, ikerketa zentru eta akademia eremuan ikertzen eta irakasten diharduen talde zabala da adierazpen honen egilea, gure lurraldearen etorkizun sozio-ekologikoarekin konprometituta dagoena, testuinguru globala kontuan hartuz. COVID19arekin nabarmendu den krisi sakonaren baitan prozezu bat abian jarri dute, eragile eta jendartearekin eztabaida estrategiko eta anitza sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Prozesu honen bitartez, ekonomia ekologikoan oinarritutako trantsizio alternatiba eta proposamen zehatzak jorratu nahi dira, etorkizuneko erronkei begira erantzun iraunkor eta bidezkoak eraikitzeko.

COVID-19aren ondorioetatik osatzeko aukera, bai norbanako zein talde gisa, gure erresilientziaren eta eraldatzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Bidegurutze historiko batean aurrean gaude: bide oker beretik jarraitu edo norabidea aldatu.

Euskal Herrian lan egiten duten, edota beste herrialde batzuetan irakaskuntza eta zientzia lana egiten duten, esparru akademikoko pertsonek sinatutako adierazpen honen helburua da Euskal Herrian benetan jasangarria den eredu sozio-ekonomiko baterantz aurrera egiteko oinarri batzuk iradokitzea, bai krisian murgilduta gauden bitartean baita ondoren ere. Eraldaketa hori bultzatzeko oinarrizko bost ildo estrategiko proposatzen dira:

 

1. Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera uztea.

2. Erakunde publikoek muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea, eta etorkizuneko belaunaldientzat zor bidegabe eta onartezina saihestea.

3. Ingurumen-fiskalitate progresiboa diseinatu eta ezartzea, baliabide naturalen gehiegizko ustiapena albo batera utzi eta, aldi berean, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko.

4. Ingurumen-, ekonomia- eta gizarte- gehiegizko kostuak eragiten dituzten azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea.

5. Nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko.

 

Euskal Herriko etorkizun sozio-ekologikoarekin konprometituta gaudenez, uste dugu jarraibide horiek gizarte iraunkorragoa eta bidezkoagoa ekarriko dutela, balio positiboetan oinarrituta natura eta pertsona guztiak errespetatzeko pentsatuak daudelako.

Irakurri hemen manifestu osoa.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.