2019-02-27 17:20
Diaren Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen aldetik jarraipen masiboa izan du ELAk eta LABek deitutako lehenengo greba egunak, Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka. Euskal Herrian ordezkaritzaren gehiengoa izan arren, zuzendaritzak eta FETICO, CCOO eta UGT sindikatuek negoziazio-mahaitik baztertu dituzte bi sindikatuok.

ELA eta LABen agiria:

Otsailaren 8an zabaldu zen albistea: DIA Supermerkatuen taldeak Estatu mailan gehienez 2.100 laguni eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion.

Gaur DIAren Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen aldetik jarraipen masiboa izan du ELAk eta LABek deitutako lehenengo greba egunak; horrela honakoa agerian utzi dute:

- Espedientearen aurka gaude. DIAko langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko; arazoen jatorria izan dira zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak. Azken hiletan mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak.

- DIAko denden errealitatea Euskal Herrian analizatzeko beste ikuspuntu bat behar da. Errealitate sindikala ere ezberdina da; ELA eta LAB gehiengo sindikala gara. Horregatik, eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri; hor dago aplikatzen diguten hitzarmen negargarria.

- Euskal Herrian ordezkaritzaren gehiengoa izan arren, zuzendaritzak eta FETICO, CCOO eta UGT sindikatuek negoziazio-mahaitik baztertu gaituzte. Inork ez du guregana jo, baina haien oharren arabera joan den ostiralean dagoeneko izan zuten Mahaiaren lehenengo bilera.

- Jokabide hau antidemokratikoa ez ezik legez kanpokoa da. Mahaia lege-iruzurrean eratu da. Parte hartzen duten sindikatuek eta enpresaren zuzendaritzak berehala atzera egin behar dute. Bestela, demanda bat sartuko dugu, eta horrek prozesu guztiaren balio juridikoa zalantzan jarriko du; legez kanpoko mahai horretan irits daitekeen akordio oro baliogabetzeko saioa egingo dugu.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu Euskadiko DIAn lan egiten dutenen enplegu, ordezkaritza eta negoziazio eskubideen alde egin dezala.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.