2020-04-01 10:35
Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, karta bat idatzi diote Espainaiko Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari, Denis Itxasori. Bertan, bizi dugun salbuespen egoera honetan sindikatu hauentzat lehentasunezkoak diren hainbat neurri hartzea eskatzen diote, betiere helburu nagusi batekin, langileen eta herritarren osasuna zaintzea.

Hona hemen ELA eta LABeko ordezkari gorenek egindako zazpi eskaerak:

  1. Bizi dugun salbuespen egoera honetan, sindikatu hauentzat lehentasunezkoa da COVID19aren zabalpenari mugak jarri eta langileen eta herritarren osasuna zaintzeko erabakiak hartzea.
  2. Lehenik eta behin, oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren langileei beharrezkoak dituzten babes neurri guztiak bermatu behar zaizkie. Horrekin batera, lana modu egokian aurrera ateratzeko beharrezkoa duten langile kopurua ere bermatu behar da, oinarrizkoak diren lanetan diharduten langileen osasuna zaindu eta langile horiek gaixotasuna hedatu ez dezaten.
  3. Pandemiari mugak jartzeko konfinamendu neurri zorrotzagoak behar dira, oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro eten egin behar da. Osasungintzan lan egiten duten 1.200 langile baino gehiagok adierazi duten moduan, eta komunitate zientifikoak ere horrela gomendatu duelako.
  4. Momentu honetan EAEn infekzio foko nagusiak lantokietan daude. Ez zaigu onargarria iruditzen lantegi handiak irekitzeko erabakia hartzea, oraindik ere horietan prebentzio neurriak bermatuta ez daudenean. Ondasunen esportazioan eta inportazioan ari diren enpresa batzuetan COVID-19arekin gaixotutako langile kopuruak argi erakusten du ezinbestean jarduera eten behar dela (Mercedesen 40 kasutik gora konfirmatuta daude eta 300etik gora aztertzen ari dira).
  5. Madrilgo Gobernuak COVID-19aren aitzakia erabili du, alarma egoera ezarri eta zentralizazioaren aldeko apustu argi bat egiteko.
  6. Euskal Herrian, kasu honetan EAEn, erabaki behar dira bizi dugun salbuespen egoerari aurre egiteko neurriak. Baita oinarrizkoa ez den jarduera ekonomikoaren etetea nola egingo den ere, hemen erabaki behar da bertako eragile politiko, sindikal eta patronalaren gehiengoaren artean.
  7. Ez zaigu onargarria iruditzen, CONFEBASKen interesak soilik defendatzen dituen Jaurlaritzarekin negoziazio bide bat zabalik mantentzea eta gehiengo sindikala negoziazio horietatik kanpo egotea. Langileon osasuna eta lan baldintzak daude jokoan eta langileongan eragina duten erabakien parte izatea dagokigu euskal sindikatuoi.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.