2020-06-08 13:12
COVID-19ren krisiak agerian utzi ditu sindikatuak azken urteotan salatu dituen gabezia guztiak, eta agerian utzi du zerbitzuak publiko egiteko premia larria dagoela.

Joan den ekainaren 4an, ELAko eta Babestu Senideen Elkarteko ordezkariak Arartekoarekin bildu ziren; bilera horretan, herriaren defendatzaileari eskatu zitzaion EAEko egoitza-zentroen ereduan eta kudeaketan berehalako aldaketak eska zitzala.

 

2019ko azaroan, ELAk organo honen aurrean salatu zuen lehenbailehen kendu eta aldatu behar zela uztailaren 30eko 126/2019 Dekretua, EAEko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzkoa, ez baitio funtsezko eginkizuna ematen adinekoen autodeterminazioari. ELAk berriro adierazi du pertsona bakoitza arreta soziosanitarioaren erdigunean jarriko duen dekretu bat behar dela, haren osasuna eta bizi-kalitatea zaintzeko beharrezkoak diren laguntza-prozesuak bermatuz. Arartekoak berak 2011n aipatu zuen gai hori adineko pertsonei buruzko txostenean.

 

Gainera, Eusko Legebiltzarrak 2019ko urriaren 24an mozio bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzari dekretua berrikusteko eta aldatzeko eskatzeko. ELAk orduan eskatu zuen inplikatutako eragileekin benetako negoziazio-mahai bat irekitzeko, mendeko pertsonak eta haien zerbitzura dauden langileak zaintza-sistemaren erdigunean kokatzen duen eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzen duen dekretu bat egiteko.

 

ELAk behin eta berriz salatu du duela ia urtebete onartutako dekretuak gabezia larriak dituela eta, are gehiago murrizten duela egoiliar bakoitzarentzat ezarritako zaintza-denbora, zerbitzua pribatizatzearen alde egiteaz gain. Sindikatuak salatu duenez, moldaketa mekanikoak, komunak, aireztapena eta gela bikoitzetatik banakakoetarako birmoldaketa egoitza berrietarako bakarrik aplikatzen ziren, eta ez zen erizaintzako zerbitzua 24 orduz bermatzen, ezta sukaldeen eta garbitasunaren hobekuntza ere.

 

COVID-19ren etorrerarekin, agerian geratu dira zaintza-sistemaren gabezia larriak eta egoiliarrak eta senideak duintasunez artatzeko eta zaintza-lana duintzeko premiazko neurriak hartzeko beharra. Krisiak agerian utzi du sektoreko langileek, senideekin batera, hamarkadak greba amaigabeen bidez salatzen eta aldatzen saiatzen daramatzatena: pertsonen gainetik pribatizazioaren eta etekin ekonomikoaren aldeko apustua egiten duen eredua aldatzeko premia larria.

 

Testuinguru horretan, joan den apirilean Arartekoak berak honako hau adierazi zuen: "Krisi honek agerian utzi du dugun egoitza-eredua birpentsatu behar dela. Nire ustez, adinekoak zaintzeak duen zerbitzu publikoaren izaeraren prebalentzia azpimarratu behar dela...".

 

Horrela, ELAk eta Babestuk Arartekoari eskatu diote erakunde publikoak interpelatzeko, zaintzak kolektibatuko dituen kudeaketa publikoko eredu bat eskatuz. Interes kapitalista edo alderdikoien aurrean blidatua dagoen zerbitzu bat behar da, plantilla eta ratio zabalak dituena zainketa hurbil eta amultsu baterako. Osasuna eta arrisku psikosozialen, arrisku biologikoen eta infekzio bakterianoen prebentzioa bermatuko duen zerbitzua, eta egoiliarren, senideen eta langileen osasun fisikoa eta emozionala babesteko ikuskapenak areagotzea bermatuko duena.

 

Zentzu horretan, sindikatuak adierazi du beharrezko mobilizazioak aktibatuko dituela sektorean, bere aldarrikapenak kontuan har daitezen.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.