2018-07-25 12:19
ELAren aburuz espetxe eskumena esklusiboa izan beharko luke. Esklusibotasun horrek hiru eginkizun hauek hartu behar ditu bere baitan: legegintza, garapena eta betearaztea. Bestela esateko: eskumen hori transferitzea ezin da izan kudeaketa-ardurak eskuz aldatze soila, ahalmen osoa eman behar digu espetxe-politika propio bat garatzeko. Izan ere, estatuko eredua gehiegitan gizatasunik gabea, kolapsatua eta legeak berak ezarritako bergizarteratze helburuak gauzatzeko ezgauza izan baita.

ELAren agiria:

Espetxe-sistema lotzen zaio epaietan ezarritako zigorrak betetzeari (batez ere, espetxe-zigorrak). Helburua presoa berriro gizarteratzea izan beharko litzateke. Horregatik garrantzi handikoa da sistema hori nolakoa den, ELAk, sindikatu demokratiko eta klasekoa den aldetik, sustatzen duen gizarte-ereduarekiko. Zoritxarrez, jokabide eta delitu jakin batzuei ematen zaien erantzun penala espetxeratzea da, eta espetxe-administrazioa prozesu penalaren azken urratsean dago.

ELAren ustez zigor askatasun-gabetzaileak betetzeko bestelako bideak arakatu beharko lirateke, printzipio demokratiko eta gizatiarrak hobeto betetzearen bila. Kondenatuak berriro gizarteratzen laguntzeko modua ez da, hain zuzen, askatasunaz gabetzea, horma eta leihoetako barra sendoen atzean itxita uztea, gizartetik kanpo.

ELArentzat, gainera, gure autogobernu-erakundeak izan behar dira eskumen horren titularrak, eta hala dago jasota, bai Gernikako Estatutuan, bai Foru Hobekuntzan. Euskal Herriak zigorrak betearazteko beste eredu bat behar du, publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa, non hainbat politika batera bilduko diren, hots, hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun-arloetakoak. Gure ustez xede hori oso zabalduta dago gure herrian. Tamalez, eskumen honen erabilpen politiko eta alderdikoia etengabea izan da, eta espetxe-erakundeak oraindik ere espainiar eta frantziar estatuen eskumenekoak dira gaur egun.

EUSKAL ESPETXE-SISTEMA: GURE PROPOSAMENA

ELAk espetxe-administrazioaren eskumena transferitzeko eskatzen du, eta baita eskumen hori esklusiboa izatea ere. Esklusibotasun horrek hiru eginkizun hauek hartu behar ditu bere baitan: legegintza, garapena eta betearaztea. Bestela esateko: eskumen hori transferitzea ezin da izan kudeaketa-ardurak eskuz aldatze soila, ahalmen osoa eman behar digu espetxe-politika propio bat garatzeko. Izan ere, estatuko eredua gehiegitan gizatasunik gabea, kolapsatua eta legeak berak ezarritako bergizarteratze helburuak gauzatzeko ezgauza izan baita.

Guk gogoan dugun espetxe-administrazioa bertakoa, demokratikoa eta euskalduna da. Administrazio hori EAEko eta Nafarroako Justizia sailetan txertatu behar da.

Administrazio horrek arretaz zaindu behar ditu presoen eskubide guztiak. Askatasunaz gabetzearen baldintzak ez dira zertan presoen duintasunaren kaltetan izan, ezta gainerako eskubideen galera ekarri ere. Espetxeko egonaldiaren helburu bakarra presoen gizarteratzea erraztea da, eta zigorrak bete beharrak ez du zertan presoa deserrotu bere gizartetik eta bere familiatik. Alde horretatik, ezezko biribila ematen diogu presoak beren ingurunetik urruntzeari.

Emakume presoek pairatzen duten diskriminazioari heltzea ezinbestekoa da. Gaur egun espazio prekarioagoak dituzte, bizigarritasun-baldintza okerragoak (denak modulu berean egon behar dira), hainbat lanetara joateko zailtasun handiagoak, prestakuntza jasotzeko aukera gutxiago, ama izatea dispertsio edo urruntze neurriekin zigortzen da eta haurren zaintza ere larriki oztopatua dago.

Preso askok espetxeetan egin ohi duten lan ordaindua babestu eta arautu beharreko arloa da. Presoak izateagatik ez dute zertan inolako diskriminaziorik jasan, gainerako langileen aldean. Baldintza egokietan jardun behar dute, eta lanaren trukean soldata duina jaso. Gainera, beren lan-eskubideak babeste aldera, sindikazio-eskubidea ere izan behar dute.

Preso politikoei aplikatzen zaien espetxe-politika amaitutzat jo behar dugu. Premiazkoa da amaiera ematea bakartze orokorrari, dispertsioari, gaixotasun oso larriko presoen kartzelaratzeari eta arrazoi politikoengatiko salbuespen-neurriei. Urrutiratzea, familia-intimitaterako eskubidearen aurka joateaz gain, zigor onartezina da familientzat, harremanen, denboraren eta diruaren aldetik.

Hau guztia gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da Hego Euskal Herrian azpiegitura egokiak izatea. Erregimen itxiko establezimenduak beharrezko dotazioez hornitu behar dira, eta aukera eman behar zaie askatasunaz gabeturiko pertsonei antzeko egoera pertsonala, delitu-mota, arrikugarritasun-maila eta kondena-iraupena dutenekin bizitzeko. Zenbat eta dotazio gehiago izan, orduan eta zehazkiago egin ahal izango dira sailkapenak, eta ondorioz hobea izango da presoen bizi-kalitatea.

Kondena erregimen ez-itxian betetzen dutenentzat beharrezkotzat jotzen dugu gizarteratze-zentro bana eraikitzea Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean. Gizarteratze-zentro horiek gizarteari begirako zentroak izan behar dira, gizarteak dituen baliabide guztiak eduki behar dituztenak (lanbide-heziketa, prestakuntza-programak —genero-, etxe-, bide-, lan-bortizkeriak—), gizarteratze bidean berme gehiagorekin lagundu ahal izateko.

Lana edo jarduera normalizatua dutenei, eta laguntzarik edo eskuhartze berezirik behar ez dutenei bestelako kontrol neurriak (telematikoak, telefonikoak...) ezarri behar zaizkie, nor bere etxean bizi eta lo egin ahal izateko, espetxera joan beharrik izan gabe.

Euskal lurraldean askatasunaz gabetzearen penak betetzeko eta kontrolatzeko modu berriak ikertzeko eta garatzeko lantalde bat eratu behar da. Gaur egun dauden baliabideak eta aukerak arakatzeko, eta pertsonak itxi gabe, baztertu gabe eta gizartetik bereizi gabe horrelako kondenak bete ahal izateko.

EUSKAL ESPETXEETAKO LANGILEAK

Espetxeetako langileak euskal gizarteari zerbitzu publikoa eskaintze dioten beharginak dira. Ondorioz, EAE eta Nafarroako erakunde eta gobernuen menpe egon behar dute. Kasu honetan Justizia Sailen ardurapean. Urteko 365 egunez eta 24 orduz funtzionatzen duen zerbitzuari dagozkion ezaugarri bereziak aintzat hartuta, EAEko eta Nafarroako administrazio orokorrean diharduten langileen lan-baldintzekin homologatu behar dira. Inola ere ezin zaie salbuespen egoerak sortu, eskubideak edo lan-baldintzan okertzea ekarri eta pribatizazio arriskua areagotu duen berariazko legedia ezarri.

Espetxeetako langileak Euskal Administrazio Publikoan sartzea, homologazio laborala eta lan-baldintzen hobetze nabarmena ezinbestekoa da langile egoera normalizatu eta dagokien ospea aitortzeko eta zerbitzua hobetzeko.

GURE ESKAKIZUNAK:

  • Hego Euskal Herriko espetxeak eta haietako pertsonala berehala transferitzea.

  • Euskal espetxe-sistema publiko eta kalitatezkoa, edozein pribatizazio edo azpikontratazio ahalegin ekidinez.

  • Gizartearen zerbitzuan den lan hori duintzea eta aitortzea.

  • Negoziazio kolektiborako eskubidea, EAE eta Nafarroako administrazio langileekiko soldata eta lan-baldintza homologatuz eta espetxe-administrazioan egiten diren lanen garrantzi, zailtasun eta ardura aitortuz.

  • Egungo Espetxe-Instituzioetako laguntzaileen kidegoaren ordez sailkapenaren B taldean kokatuta egongo den Espetxe Goi Teknikari Kidegoa sortzea, langileen prestakuntza profesionalari egokitua.

  • Egungo baldintza espezifikoak mantentzea.

  • Enplegu eta gizarte-gaietako zerbitzuek espetxeetan parte hartze aktiboa izatea, eta eremu horietako espetxe-langile transferituak eskumena duten administrazioek beren gain hartzea (Enplegu Zerbitzuak eta Foru Aldundiak).

  • Egungo plantillen zahartze nabarmenari aurre egiteko premiazko neurriak hartzea. Erretiro aurreratuetarako primak eta erretiro aurreratua ezartzea ezinbestekoak lirateke batez besteko adina jaistea lortzeko.

  • Prestakuntza berritu eta EAEko zein Nafarroako Espetxe-Ikasketen Eskola sortzea, langile berrien prestakuntza teorikoa egiteko, baita egungo langileen gaitasuna birziklatu eta hobetzeko ere.

  • Euskararen ezagutza indartzeko plan zehatz eta eraginkorrak eta espetxeetan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duten neurriak.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.