ARGIA.eus

2019ko apirilaren 23a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-01-30 11:23
ELA bozkatuko den legearen aldekoa da, baldin eta enplegua suntsitzerik ez badakar. ELAk toki-administrazioko ordezkarien elkarretaratzea egin du Parlamentuaren aitzinean, urtarrilaren 31n egingo den legearen bozketan alderdi politikoek zuzenketak sartu ditzaten eskatzeko, enplegua mantenduko dela ziurtatzeko.

Sindikatuaren iritziz legearen azken testuan hurrengo puntu hauek txertatu behar dira:

  • Lanpostuak mantentzea: zerbitzuak berrantolatzeak ez du ondorioz ekarri behar langilerik kaleratzea. Hortaz, toki-erakundeek ez dute kontraturik hutsaldu behar, baldin eta langile horiek legea indarrean sartzen den egunean lanean badabiltza; horretarako, ekonomiaren, teknikaren, antolamenduaren edo ekoizpenaren arrazoiak argudiatuz.
  • Plantillak egonkortzea: lege berriaz baliatu behar gara toki-administrazioko enplegua finkatzeko, behin-behinekotasunaren tasa handia jaisteko. Alde horretatik oroitu beharrekoa da Kontuen Ganberak 2016ko txosten batean ohartarazten zuena toki-administrazioko behin-behinekotasunaren tasa handiegiaz (adibidez, Berriozarko tasa %52koa da, Tafallan %59koa, Eguesen %63, Burlatan %67...).
  • Erreformak ez ditu okertu behar lan-baldintzak. Legean negoziazio kolektiboaren eskubidea babestu behar da, sektorean lan egiten duten guztiei eskubide hori erabiltzeko tresnak eskainiz.
  • Kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua: ELAren ustez zerbitzu publikoak herri-erakundeek eman behar dituzte zuzenean, unibertsalak eta kalitatezkoak izan daitezen, tartean irabazi-asmorik izan gabe. Gaur egun dagoen azpikontratazioko maila handiegia dela-eta, arlo publikora lehengoratzeko prozesuak ere abiarazi behar dira, eta horrekin batera pribatizazio gehiago ez egiteko konpromisoa hartu. Prozesu horietan errespetatuko dira enpresa pribatuetan zerbitzua eman dutenen lan-eskubideak, legealdi honetan onetsitako Kontratu Publikoen Legean ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, ELArendako albiste txarra izan da LAB lege-proiektuaren alde agertu izana, Parlamentuan bozkatu baino astebete lehenago, artean Legearen azken testuan zuzenketak sartzeko aukerak zeudela. Jokabide hori ez dator bat logika sindikalarekin, eta gainontzeko sindikatuoi aukerak mugatu dizkigu azken testuan zuzenketak sartzeko, toki-administrazioko enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko erabakigarriak izan zitezkeen zuzenketak, hain zuzen ere.

Azken batean ELAk eskatu die alderdi politikoei legearen azken testuan zuzenketak sartzea, beti ere, enplegua eta lan-baldintzak iraunarazteko, behin-behinekotasunaren tasa jaisteko, eta kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.