2020-03-20 11:59
ELAk ezinbestekoa deritzo jendarte guztiaren eta langileen osasun eskubidea babestea, baita milaka herritar dagoeneko pairatzen ari diren beharrizan ekonomiko eta sozialen estaldura ziurtatzea. Galdegin du ere Lan Ikuskaritzak behar beste bitarteko izan dezala COVID-19aren krisiari aurre egiteko.

Horregatik, sindikatuak behin eta berriz eskatu izan du funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiaraztea; haatik, euskal erakundeek ukatu egin dute aukera hau: industriak eta eraikuntzak martxan jarraitzea nahi dute.

Aitzitik, enplegu zerbitzu publikoek eta udalerri askotako gizarte zerbitzuek bulego guztiak itxi egin dituzte, publikoarentzako arreta presentzialik gabe utzi dituztelarik biztanleak, baita ahulen eta baliabide gutxien dutenak ere. Noiz, eta zerbitzu horien beharra modu esponentzialean gehitzen ari denean, jende asko ari baitira kaleratzen edo kontratua ez berritzen. Ezin da onartu langabeziak eta pobreziak gora egiten duten unean langabezia prestazioak eta gizarte-laguntzak kudeatzen dituzten zerbitzu publikoek ez bermatzea gutxieneko arreta presentzialik.

ELAk exijitu du gutxieneko arreta presentziala berma dadila Lanbiden, SEPEn eta gizarte-zerbitzuetan, beharrizan gero eta handiagoei aurre egiteko, batik bat kontutan izanik biztanlerik zaurkorrenek ez duela aukerarik izaten zerbitzu telematikoak baliatzeko. Arreta presentziala egiterakoan, noski, zorrotz bete behar dira langileen zein erabiltzaileen osasuna zaintzeko segurtasun eta prebentzio arauak.

Halaber, sindikatuak eskatu du jar daitezela Lan Ikuskaritzaren eta Lan Ordezkaritzaren esku behar beste bitarteko beren eginkizunak bete ahal ditzaten: lantokietako segurtasun neurriak betetzen direla bermatu eta behatu ezinbesteko egoeragatik ERTEak ez daitezen izan enpresen abusurako atea. Egungo egoera, non ikuskaritza ia geldirik dagoen, onartezina da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.