2019-05-23 14:02
ELArendako berri ona izan da epai berria, Lan Arriskuen Prebentziorako Estatu Fundazioaren 2017ko zeharkako ekintzen deialdia deuseza deklaratu duena. Haren bidez 365.000 euroko diru-laguntza publikoak banatu ziren CEN, UGT eta CCOOen artean.

 

ELAk behin eta berriz gaitzetsi du Lan Arriskuen Prebentziorako Estatu Fundazioaren funts publikoak kudeatzeko sistema. Zeren betidanik mutualitateen soberakinak CEN, UGT eta CCOOen artean banatu baitira, Lan Osasunaren Nafar Kontseiluaren bidez. Erakunde horiek, 2000 eta 2013 bitartean, jasotako funts horien munta, kotizazio sozialetatik datorrena, 5 milioitik goiti eurokoa izan da.

 

Horri dagokionez, oroitu beharrekoa da Kontu Auzitegiak bi aldiz bederen ebatzi duela funts horiek aldez aurretik banatzen zizkiotela elkarri erakunde patronalek eta sindikalek, horiek guztiak patronatu kudeatzaileko kide izan arren. Beraz, diru-laguntzak kudeatzean, banatzaile eta jasotzaile ziren aldi berean; eta ebazpenen arabera zalantzazkoa zen jasotako funtsak ekintzak gauzatzera benetan bideratu direnik.

 

2008 eta 2013 bitarteko deialdiak auzibidez deuseztu ondoren, eta diru-laguntzak esleitzeko sistema Fundazioak berak birzentralizatu ondoren, 2017an beste deialdi bat argitaratu zen, eta hortik CENek, UGTk eta CCOOek 365.000tik gora euro jaso zituzten, Nafarroako Gobernuaren ontzat emanaz, eta ELAren eta LABen ezetzarekin.

 

Kutunkeriazko sistema ilun batean parte hartzearen, iruzurra erraztearen, eta funts horien zuzeneko kudeaketa publikoari uko egitearen akusazioen pean, Nafarroako Gobernuak demanda bat aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Madrilgo Epaitegian, deialdi horren deuseztasuna eskatuz, eta diru-laguntza horien kudeaketa Lan Osasunaren Nafar Kontseiluaren esku uzteko eskatuz. Demanda hori partzialki onetsia izan da orain dela gutxi.

 

ELAk pozez hartu du epai hori, Nafarroari lan-segurtasun eta osasunaren eskumena berretsi baitio, eta autogobernuaren aldekoa baita. Hala ere, Gobernuak berriro hartu duen erabakia, mutualitateen soberakinak CENi, UGTri eta CCOOi 2018an ere esleitzeari ontzat ematekoa, eta 2019an Nafarroako Aurrekontuetatik 400.000 euroko partida aipaturiko erakundeei bideratzekoa ikusita, ELAk berretsi egiten du bere ukoa Lan Osasunaren Nafar Kontseiluan parte hartzeari, lehenagoko gobernuen kontzertazio sozialaren eredua iraunarazteko helburua duelakoan.

 

ELAk ohartarazten du autogobernuaren baliogabetasunaz, baldin eta administrazioak ez badu bere gain hartzen lan-segurtasunaren eta osasunaren ardura. Horregatik erreklamatzen dio Nafarroako Gobernuari, mutualitateen soberakinak zuzenean kudeatzeaz gain, baliabide horien kudeaketa publikoa eramateko, eta administrazioaren beraren giza eta gauza baliabideak ugaltzera bideratzeko, kontzertazio sozialeko politiketara bideratu beharrean. Esparru horretan luzaroan mantendu du kontzertazioa CEN, UGT eta CCOOekin; eta Nafarroarendako oso kaltegarria izan da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.