2020-05-05 13:09
Eusko Jaurlaritzak biharko hirugarren aldiz deitu du EAEn koronabirusaren krisiari aurre egiteko eratutako mahaia. Honetan parte hartzen dute sindikatuek, patronalek eta Eusko Jaurlaritzako hainbat departamentuk. Aurreko bi hitzorduetan gobernuak ez zuen esan zer egiteko asmoa zuen; areago, ELAren eta beste sindikatuen proposamenei ez zien erantzunik eman. Aurreko bi saioetan, gainera, Jaurlaritzak Mahaiaren erabilera mediatikoa egin zuen: hedabideei informazio gehiago eman zien bileran parte hartu zuten erakundeei baino.

ELAk bere kezka adierazi du, izan ere, badirudi mahai honek xede bakarra duela, islatzea badaudela parte-hartze eta eztabaidarako foroak; haatik, bertan besterik gabe gobernuaren neurriak inposatzen dira, sindikatu eta erakunde sozialekin kontsultatu ere egin gabe (normaltasunera itzultzeko protokoloa, ikasgelak berriz irekitzea...). Deigarria da, gainera, Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezi kargu hartzea aldebakarreko erabakiak hartzen dituelako, baina EAEn jokabide berbera izatea.

ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzaren neurriak oso berandu ari dira iristen, oso urriak dira, eta ez dituzte konpontzen lana galtzen duten edota ERTEen eraginpean dauden milaka herritarren beharrizanak. Sindikatu honek galdegin du, atzera ere, bitartekoak eman diezaizkiotela Lan Ikuskaritzari eta Osalani, bermatzeko lantokietan segurtasun neurriak betetzen direla eta geldiarazteko pertsonen osasuna arriskuan jartzen duten jarduerak.

Bestalde, ezinbestekoa eta premiazkoa da larrialdi sozialeko plan bat martxan jartzea: zerbitzu publikoetarko aurrekontua zeharo gehitu behar da; gizarte-prestazioen zenbatekoa ere asko hobetu (hala eskatu genuen pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako HEL bultzatu genuenean), eta etxebizitza zein oinarrizko zerbitzuak izateko eskubidea bermatu. Halaber, funtsezkoa da azken hamarraldietako zerga jaitsierei, zeintzuk errenta altuen, enpresen eta kapitalaren mesedetan egin ziren, atzera eragiteko zerga-erreforma bat. Gaiotan guztiotan Jaurlaritza ez da ematen ari jendarteari zor zaion maila. 

Larrialdi sozial honen aurrean -zeina laster areago oker daitekeen-, ELAk biharko bileran bere proposamenei eutsiko die eta Urkulluren exekutiboari galdegingo dio krisian egiten ari den politika berrorientatu, parte-hartzeari buruzko posizioa aldatu eta akordio eragingarriak iristeko jarrera ager dezala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.