2018-10-02 13:54
Eusko Jaurlaritzak ez du erantzunik eman, ea errelebo-kontratua aplikatuko duen edo ez, eta izatekotan nolako aplikazioa izango duen 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.E LAk egotzi zion Eusko Jaurlaritzari Madrildik agindutako erreformak bere egin izana.

Mahai Orokorraren 2018ko ekainaren 6eko bileran Funtzio Publikoko sailburuordeak proposamen bat egin zuen, errelebo-kontratuaz eta erretiro partzialaz, euskal administrazio publikoko langile finkoentzat bakarrik.

Bilera horretan jaurlaritzak aurkeztu zuen proposamena Rajoyk egindako bi pentsio-erreformetako lehenaren aplikazio praktikoa izan zen; 5/2013 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarri zen pentsio-erreformaren aplikazioa, hain zuzen. Gogoratu behar da pentsio-erreforma hark erretiro partzialeko adina atzeratzea ekarri zuen, 63 eta 65 urtera, arian-arian eta kotizaturiko urteen arabera. Eta, gainera, partzialki erretiraturiko langilearen lanaldia % 50eraino luzatu zen, osoko erretiroa hartu arte.

Jaurlaritzaren proposamena Rajoyren dekretuaren kopia zehatza zen, eta erretiro partziala hartu ahal izateko betekizun hauek bildu beharko zituzten langile finkoek:

  • Kotizazioko 33 urte eta antzinatasuneko 6 urte, gutxienez.

  • Lanaldiaren %50 lan egitea guztiz erretiratu arte.

  • Errelebo-hartzaileak aldi baterako kontratua izango du.

Bileran ELAk egotzi zion Eusko Jaurlaritzari Madrildik agindutako erreformak bere egin izana. Horrekin batera, ELAk Hego Euskal Herrian bizi direnen pentsioak gure esparruan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Bilera horretan, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu zion erretiro partziala eta errelebo-kontratua euskal administrazioko langileen eskueran jartzeko, hurrengo baldintza hauekin:

  • Betekizunak betetzen dituzten euskal sektore publikoko langile guztien eskueran izatea (sozietate publiko guztietako pertsonala barne).

    • Aurrekontu-partidaren menpe jarri gabe.

    • Pertsonal finkoentzat bakarrik mugatu gabe.

  • Errelebo-hartzaileak denbora osoko kontratua izatea, eta lanpostu hori ez amortizatzea.

  • Erretiro partziala hartu duen langilearen lan-denbora murrizteko neurri guztiak aztertzea (lizentzia ordaindua, erretiro-prima...).

  • Erretiro-mota horri atxikitzeko baliabideak eskaintzea langile funtzionarioei eta estatutupekoei.

Gaur arte Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzunik eman ELAren proposamenari, ezta beste sindikatuek egindakoei ere.

Horregatik, ELAk eskatzen dio Jaurlaritzari Mahai Orokorrerako bilera-deia berehala egiteko, “adabakiak” jartzen ez jarraitzeko, eta —arazoa egiturazkoa eta sakona denez— gehiengo sindikalarekin adostasunez proposamen bat behingoz egiteko; beti ere esparru horretan 30.000 lanpostu kalitatezko eta egonkor finkatzeko prozesuak abiatze aldera, erretiro partziala eta errelebo-kontratua barne, eta baldintza duinetan erretirodunentzat eta errelebo-hartzaileentzat.

Eusko Jaurlaritzak ezin du itxaron urtea amaitu arte, benetan aplikatuko duen edo ez esateko, edota zein baldintzatan egingo zuen zehazteko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.