2019-04-24 10:19
Joan den urtarrilaren 3an Ingemar taldeak bideragarritasun plan bat proposatu zuen, zeinaren arabera Usurbilgo lantegiak etekinak lortuko zituen datozen hiru ekitaldietan. Haatik, bi hilabete igaro zirenean enpresak enplegu-erregulazio espedientea (EEE) sartzea erabaki zuen, Usurbilen zeudne 37 langileetatik 31 kaleratzeko asmoz. Estatu mailan egindako EEE honetan beste lantegietako langileak kaleratzea zekarren, baina oso kopuru txikian; helburu bakarra zen enpresaren plana onartuko zuen gehiengo sindikala lortzea.

Zuzendaritzak bere xedea gauzatu du. Galizako zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak (UGTko 3 ordezkari eta CIGeko 2) akordioa sinatu dute Usurbilen 31 langile kaleratzeko.

Gertatu dena oso larritzat jotzen dugu. UGTk, zuzendaritzarekin batera, Usurbilgo langileen kaleratzea bultzatu du; zoritxarrez, CIGeko ordezkariek ere sinatu egin dute akordioa. Hau deitoragarria da, Usurbilen ordezkaritzarik ez duten bi sindikatu horiek erabaki baitute Gipuzkoako langileak lanik gabe uztea.

Egoera hau dela eta ELAk honakoa adierazi nahi du:

- Usurbilgo langileei gure babesa emango diegu; ziur gaude lantegiak etorkizuna baduela.

- Lan egingo dugu EEE hori indargabetu dezaten. Negoziazioan zehar bost txosten tekniko egin ditugu, eta hauen arabera iruzurra eta fede txarra nagusi izan dira prozesuan.

- Halaber, salatu behar dugu enpresak baldintza jarri duela kaleratzeagatik jaso beharreko kalteordaina kitatzeko: langileek hitz eman behar dute ez dutela auzibidera joko. Xantaia hau ere inoiz ikusi gabeak ginen.

- Madrilgo Lan Ikuskaritzarekin bilerak izan ditugu; bestalde, EAEko Gobernu Azpiordezkaritzari eskatuko diogu Gipuzkoako Ikuskaritzaren lankidetza galdegin dezan.

Ingemarreko zuzendaritzaren jarrera onartezina da. Kudeatzaile hauek ez dute eskrupulurik, eta beren jokabideak jazarpen penala merezi du. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzako industria saila saiatu egin beharko litzateke langileekin batera enpresaren praktika hauek jazartzen, bai eta Usurbilgo lantegiaren etorkizuna bermatzen.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.