2018-03-01 16:17

Atzo arratsaldez Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak Productos Tubulareseko (taldeak Trapagan duen lantegia) enpresa-komiteari jakinarazi zion honakoak egiteko erabakia hartu duela:

- Kaleratze kolektiboa (kontratuak iraungitzeko EEEa)

- Lan-hitzarmena ez aplikatzea

- Lan-baldintzen aldaketa

Productos Tubulares lantegia Burtsan kotizatzen den Tubos Reunidos multinazionalaren eskuetan dago. Taldearen akziodun nagusia BBVA da, eta aurreko urteetan milioika euro banatu ditu akziodunen artean. Azken ekitaldietan (2014 eta 2016 bitartean), Zuzendaritza Kontseiluak eta Administrazio Kontseiluak urteko milioitik gora jaso izan dute.

ELAk erabat arbuiatzen ditu zuzendaritzak iragarri dituen neurriak. Oraingoan ere doikuntza langileei leporatu nahi diete kaleratzeen eta lan-baldintzen murrizketaren bidez. Enpresak neurriok justifikatzeko aipatu dituen arazoek ez daukate inolako loturarik lanpostuekin, ezta langileen ordainsariekin ere.

Zuzendaritza duela zenbait hilabete ari zen esaten zerbait egiteko asmoa zuela, eta orain badirudi irtenbide bakarra ikusten duela, kaleratzeak eta soldata jaitsierak. Horrelako erabakiak hartzeko ez dago azken urteetan hainbeste milioi poltsikoratu duen Administrazio Kontseiluaren beharrik. Agerian geratu da arduradunek ez daukatela gaitasun handirik irtenbideak bilatzerakoan, lan eskubideak kentzea izan ezik. Haatik, antzeko bidetik joan den beste enpresa askok porrot egin izan dute konponbidea kaleratzeak eta soldata urriagoak izango zirela sinestuagatik.

Zuzendaritzari exijitzen diogu jakinarazitako neurri horiek erretira ditzala. Sakonean aztertu behar dira Tubos Reunidosek eta Productos Tubularesek dituzten arazoak.

Dei egiten diegu Productos Tubulareseko langileei mobilizazioaren eta borroka bateratuaren bidez enpresaren bideorria aldarazten saia gaitezen. Lanpostua eta lan-baldintzak defenditzeko ordua da; gutxienez Administrazio Kontseiluak, BBVA buru dela, bere pribilegioak babesten dituen grina berarekin jokatu behar dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.